argia.eus
INPRIMATU
COP28: EAEk eta Txinako Jiangsu probintziak ingurumena babesteko akordioa sinatu dute
  • Klima aldaketari, biodibertsitateari eta ekonomia zirkularrari buruzko politiketan lankidetzan aritzeko akordioa sinatu dute. Azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean Dubain ospatzen ari da Konferentzia, eta bertan da euskal ordezkaritza.

     

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 05
Argazkia: Irekia

EAEk eta Txinako Jiangsu probintziak Elkar Ulertze Memorandum bat (MOU) sinatu dute astelehen honetan, Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) ematen ari den Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 2023ko Biltzarraren baitan (COP28). Akordio horren bitartez lan-plan bateratua adostu dute ingurumen-babesaren eremuan, eta klima aldaketari aurre egiteko, biodibertsitatea babesteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko politika eta planak lantzea ahalbidetuko du.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok eta Jiangsuko Ekologia eta Ingurumen Saileko zuzendariorde Ying Jianbok sinatu dute akordioa eta biek ala biek erabaki dute bi herrialdeen arteko loturak sendotzea, ingurumenarekin lotutako ikerketa zientifiko zein teknologikoko proiektuetan elkarlanean arituko baitira. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak 2019an sinatutako Euskadiren eta Jiangsuren arteko lehen ituna da hitzarmen berri honen jatorri.

Under2 Coalition-en Batzar Nagusia

Aldasorok Under2 Coalition-en Batzar Nagusian parte hartuko du, goi-mailako arduradun politikoekin, enpresa-liderrekin eta gizarte zibilaren defendatzaileekin batera. Klima aldaketarekin lotutako erronka eta aukerak aztertu eta eztabaidatuko dituzte. Under2 Koalizioa, bere horretan, isurketa garbiak 2050ean zero izatea lortzearekin konprometituta estatu eta eskualdeen munduko sare nagusia da, 173 estatu, eskualde, probintzia eta gobernu ordezkatzen dituena.