argia.eus
INPRIMATU
COP21 klimaren gailurraren atarian mobilizazioak munduan eta Euskal Herrian
  • Parisen ez ezik, mundu osoan egingo dira klima aldaketari benetako konponbidea eskatzeko mobilizazioak, COP21 goi-bilera hasi aurreko egun bietan, azaroak 28 eta 29. Bi mila ekintza baino gehiago daude aurreikusita.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko azaroaren 26a
Frantziako Gobernuak ezarritako debekuaren aurrean mobilizazio bide alternatiboak bilatuko dituzte klima aldaketari benetako konponbidea eskatzeko.

Frantziako Estatuan, aurreikusitako mobilizazioak baldintzatu ditu azaroaren 13ko erasoak direla-eta François Hollanderen gobernuak ezarritako debekuak. Azaroaren 29an eta abenduaren 12an Parisen manifestazio bana egiteko deia zabaldua zuen Coalition Climat 21ek adierazi du bestelako bideak baliatuko dituela azaroaren 29ko martxa egiteko, ikus-entzunezko instalazio artistikoen bitartez.

Halaber, iragarri dute abenduaren 7tik 11ra Klimaren Aldeko Ekintza Guena mantenduko dutela, Parisko Centquatren. COP21 amaitu eta biharamuneko (abenduak 12) manifestazio handirako deiari ere eutsi diote. Manifestazio bakoitzean 200.000 lagun inguru bil daitekeela uste da. 

Mobilizazioak Euskal Herrian

Bilbon manifestazioa egingo da azaroaren 28an, Iberdrola dorretik abiatuta, eguerdiko 12:00etan, hainbat talde ekologista, sindikatu eta elkarte ugarik deituta. Horrez gain, Tom Kucharz Ekologistak Martxaneko kideak "Klima aldaketari buruzko gailurra Parisen, ingurumen mehatxuak eta TTIP" hitzaldia eskainiko du (gaztelaniaz) azaroaren 26an, Burtsako eraikinean (Pilota kalea, 10), 19:00etan.

Baionan, azaroaren 28an, Herriko Etxearen aurrean elkarretaratzea egingo dute hainbat taldek "Manifestatzeko eta borrokatzeko eskubidearen murrizketa oro ukatzen dugu" aldarrikatzeko, 11:00etan. Bazkalondoan This changes everything (Honek dena aldatzen du) dokumentala emango dute, Manu Robles Arangiz fundazioaren egoitzan, 15:00etatik aurrera. Naomi Kleinek idatzitako izen bereko liburuan oinarrituta, filmak klima aldaketari aurre egiteko premiaz ohartarazi eta haren aurkako borroka kapitalismoa gainditzeko biderik onena dela aldarrikatzen du. Proiekzioaren ostean, argazki bat egingo dute hara joandakoekin, Parisen egitekoak diren mobilizazioetara deitzeko.

Gasteizen eta Iruñean elkarretaratzeak egingo dituzte asteburuan. Gasteizkoa azaroaren 28an izango da, Andra Mari Zuriaren Plazan, 12:30ean. Iruñekoa, berriz, 29rako deitu dute Sarasate pasealekuan, eguerdiko 13:00etan. Kasu bietan, eta Bilboko manifestazioan bezala, "Baditugu alternatibak! Sistema aldatu, ez klima" leloa erabiliko dute.

Donostian "Klima Aldaketari Konponbideak" bizikleta martxak (ikus beherago) izango du protagonismoa. Azaroaren 28an, goizeko 11:00etan, informazio mahaia paratuko dute Bulebarrean; 17:00etan martxan dabiltzanei harrera egingo diete Udaletxean; 18:00etan Alderdi Ederretik abiatuko dira bizikletak, hirian zehar ibiltzeko; eta 19:30ean elkarretaratzea egingo dute, Alderdi Ederren ere bai. Azaroaren 29an, goizeko 9:00etan, Baionarantz abiatuko da martxa.

Bizikleta martxa, Pariserako bidean

Bestalde, Espainiako AMA elkarteak antolatutako “Klima Aldaketari Konponbideak” bizikleta martxa Euskal Herrian sartu zen azaroaren 24an. Abenduaren 10ean Parisera ailegatzea da helburua, handik bi egunera egin nahi den manifestazioan parte hartzeko.

Arabatik sartu zen martxa Euskal Herrira, eta azaroaren 30ean irtengo da Baionatik abiatuko den etapan. Bidean, parte hartzaileek sinadurak eramango dituzte Parisera. Modu horretan, akordio global eta loteslea eskatu nahi diete COP21en parte hartuko duten ordezkaritza garrantzitsuenei: AEB, Europar Batasuna, BRICS…

AMAren esanetan, COP21etik aterako den –eta Kyotoko Protokoloa ordeztuko duen– akordioak bermatu behar luke beroketa globala ez dela izango bi gradutik gorakoa, industrializazioaren aurreko garaiarekin alderatuta. Horixe da zientzialariek mugarritzat ezarri duten tenperatura igoera, honezkero saihestezina den klima aldaketa gizakiontzat erabat kontrolaezin bihurtu ez dadin.

Gailurraren aurretik munduko herrialdeek aurkeztu dituzten konpromisoak eta egin dituzten prestakuntza bilerak ez dira nahikoa izan helburu hori erdiesteko; aurrekari horiek ikusita, Parisko goi-bilera porrota izango dela iragarri dute askok.