argia.eus
INPRIMATU
Parisko klimaren bilkura dela eta deitutako manifestazioak debekatuta
  • Azaroaren 13ko “atentatu gorrotagarriaren” ostean segurtasuna bermaturik ez dagoela uste du gobernuak. Parisi eta Frantziako beste hiriei eragiten die neurriak.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 19a

NBEk Bourgeten egingo duen klima aldaketaren gailurra kari azaroaren 29an eta abenduaren 12an Parisen antolatutako martxa handiak –200.000 lagun biltzea aurreikusten zen– bertan behera utzi ditu Hollanderen exekutiboak, hiriburuan izandako atentatuen ondorioz sortutako egoera dela-eta.

COP21eko presidentziak –Frantziako Atzerri ministro Laurent Fabius buru duela– kaleratutako komunikatuak dioenez egoera horrek “exigitzen du segurtasun baldintzak indartzea” eta ondorioz gobernuak erabaki du “klimaren inguruan kalean egitekoak ziren manifestazioak ez baimentzea, ez Parisen eta ezta Frantziako beste hirietan ere”.

Neurriak ez die eragingo “segurtasuna bermatuta” dagoen espazio itxietan. Hala, COP21 gailurraren egitarauan zeuden 300 ekitaldi baino gehiago bere horretan mantenduko dira.

Ekologisten erreakzioa hasi da

Klimaren aldaketaren kontrako erakunde eta talde ekologista nagusienak biltzen dituen Climat 21 koalizioak komunikatu bidez salatu du gobernuak ez diela protesta egiteko beste alternatiba eta bideei aukerarik eman: “Kontziente gara bizi dugun salbuespeneko egoeraz, inoiz baino gehiago modu kreatiboan mobilizatu eta bilduko gara. Ez dago COP21ik gizarte zibilaren mobilizaziorik gabe”, esan du koalizioko koordinatzaile Juliette Rousseuk.

Hala, eskatu dute abenduaren 5ean eta 6an Montreuilen egitekoa den Klima Aldaketaren Herritarren Gailurra eta abenduaren 7tik 11ra Parisko Centquatre eraikinean antolatutako Klimaren Aldeko Ekintza Gunea mantendu ahal izatea.

Bestalde, gogorarazi dute mundu osoan 2.173 ekitaldi eta 57 manifestazio handi egingo dituztela 150 herrialdetan.