Ziklo-logistikarena sektore oso txikia da oraindik Euskal Herrian, baina forma apur bat hartzen ari da azken urteotan. Oraintsu, adibidez, CoopCycle Euskal Herria sortu dute.
Bizikletaz banatzen ahal den guztia banatzen dute herri edo hirietan, izan janaria etxeetara, paketeak edo aldizkariak. Dauden lekuetan, esaterako, ARGIA ere banatzen dute. Euskal Herrian Gasteizen hasi zen Eraman kooperatibarekin 2020an, pandemia hasi baino astebete lehenago. Dagoeneko hogei pertsona ari dira lanean bertan. Iruñean lau lagun ari dira Ziclo-p kooperatiban, eta gisakoak ere badira Irun, Errenterian, Getxon eta Baionan. Bilbon ere abiatu zen kooperatiba hauetako bat, baina ezin izan zuen jarraitu.
Frantziako Estatuan sortu zen CoopCycle kooperatiba eta gero munduko hainbat lekutan hedatu da, Europan, Kanadan, Txilen edo Mexikon, besteak beste. Frantziako Estatuan daude gehien, 34 kooperatiba. Guztien artean CycleCoop kooperatiba federazioa osatu dute, eta software plataforma ireki baten bidez hainbat zerbitzu elkarbanatzen dituzte, hala nola kontabilitate eramateko, logistika edo marketina.
Baionako esperientziarekin –La Cours– bereziki daude pozik, sozietate mugatua zena kooperatiba bihurtu baitute; orain guztien artean CycleCoop Euskal Herria sortu dute. Ezaguna da janari banaketaren esparruan zein esplotazio maila dagoen langileekiko, Glovo de horietako ezagunena eta hainbatetan zigortua izan da zenbait herrialdetan. Mundu horretatik datoz orain Euskal Herrian sortu diren enpresetako hainbat langile, baina lan filosofiari dagokionez beste muturrean daude: pertsona erdian jarrita, ekonomia sozialean ari dira, banaketa eta jasangarritasuna uztartuta, edota haien enpresen kudeaketa erabat demokratikoan oinarrituta.
Beste esparru batzuetan lan filosofia berdinarekin ari direnekin aliantzak bideratzea ere euren helburuetakoa da eta Iruñean eman dute jadanik lehen urratsa. Maiatzetik aurrera Ziclo-P eta Ondalan kooperatibak akordioa erdietsi dute azken honek kozinatzen dituen janari ekologikoak banatzeko.
Pirinioetako Estrategiaren laguntza
Trantsizio energetikoa dela eta, gero eta gehiago barreiatzen ari da banaketa jasangarria, eta tartean bizikletaz egiten dena. CTP Pirinioetako Lan Elkarteak bultzatzen duen Pirinioetako Estrategia ekintza-planaren bultzada izan du CycleCoop Euskal Herria federazioak, eta bertatik adierazi digutenez, halakoak oso garrantzitsuak dira haientzat aurrera atera ahal izateko.
Paul Iano Gasteizko Eraman-eko sortzaileetakoa da, eta pozik ageri da federazioaren sorrerarekin. Glovoko langilea izan zen, eta ARGIAko irakurleari ezagun egingo zaio akaso, Glovon egindako lanaldiaz hainbat salaketa erreportaje egin zituen eta. Une garrantzitsutzat jotzen du honakoa, eta finantzazio laguntza horiek funtsezkoak direla uste du. “Hasiera guztiak zailak izaten dira, eta dagoeneko ikasi dugu zer egin behar dugun eta zer ez. Aurrera ateratzeko hasieran oso garrantzitsua da motibazio handiz arituko den talde trinko bat izatea. Txikiak gara, baina federazioan arituta bestela aurrera eraman ezingo genituzkeen hainbat zerbitzu aurrera atera ditzakegu. Lehen bi urteak gogorrak dira eta, jakina, halako finantzazio bultzadak giltzarri izan daitezke aurrera egiteko”.