“Malgutasunean” oinarritutako lan harremanetarako eredu berria berretsi zuen Confebaskek astelehenean Bilbon, 400 enpresa-jaberekin egindako ekitaldian eta Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Lehiakortasun sailburuaren babesarekin. Han izan ziren halaber SEA, Cebek eta Adegi, EAEko hiru probintzietako patronaletako buruak.
Azaroan esandakoaren bide beretik aritu zen Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea. Besteak beste, langileen soldatak enpresen irabazien araberakoak izateko ideia jaurti zuen berriz. Horrekin batera, langileak enpresa-proiektuan inplikatu beharra azpimarratu zuen Larrañagak. “Langileak eta zuzendaritza ezin dira etengabe elkarri bizkarra emanda bizi, enpresak irautea nahi badute”. Langileen parte-hartzeak enpleguari egonkortasuna emango diola gehitu zuen.
Harreman-gune nagusia enpresa bakoitza, eta ez sektorea, izan behar dela ere esan zuen Confebaskeko presidenteak. Hitzarmen sektoriala existitu arren, enpresa bakoitzak bere arauak eduki beharko lituzke patronalaren ustez. Dena malgutasunaren onerako.
ELA eta LABen kritikak
LABen iritziz berritasun gutxi dago Confebasken proposamenean: “Berri izena eman diote orain arte egun duten bidea egonkortu eta sakontzeari”. Patronalaren asmoek prekarietatea areagotzea beste ondoriorik izango ez dutela dio LABek, eta mesfidati hartzen du langileak enpresaren parte izateko deialdia. Izan ere sindikatuak jokalekutik kanpo nahi izatea leporatu dio sindikatuak Confebaski: “Ze kolaboraziori buruz hitz egin dezake gehiengo lan sindikala lan harremanetatik kanpo utz nahi duen patronalak?”.
Eusko Jaurlaritza eta Confebask eskutik helduta doazela salatu du ELAk. Biak gizarte eredu beraren alde ari direla uste du sindikatuak: “Eredu horren barruan ez dago lekurik nortasun kolektiboen ordezkaritzarako, sindikatuen ordezkaritzarako alegia”.
Bai patronalari bai gobernuari harmonia sozialaren aldeko mezuak zabaltzea aurpegiratu die ELAk, “noiz eta lan-baldintzak objektiboki guztiz prekarioak direnean; prekarietatea sektore pribatura nahiz publikora hedatu da sekula ez bezalako neurrian”. Jaurlaritzaren politikek, egoera konpondu beharrean, areagotu egiten dute, ELAren esanetan: “Patronalaren aldeko mezuak zabaltzen dituzte, prekarietatea ditu publikoz bultzatu, enpresei gero eta zerga gutxiago ordaintzen lagundu…”.