argia.eus
INPRIMATU
Roberto LarraƱaga, Confebaskeko presidentea
“Gaizki ordaindutako lanak aukeratzeko joera dute emakumeek”
  • Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalaz galdetuta Radio Euskadin egin ditu adierazpenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresarien elkarteko buruak. Soldatetan dagoen aldea eragiten duten faktoreen artean, "emakumeentzat enpresak erakargarriak ez izatea" adierazi du.

Axier Lopez @axierL 2018ko martxoaren 21
Argazkia: Confebask

Lan berdina egitearen truke soldata ezberdina eskaintzea emakume ala gizon izateagatik delitua dela, eta beraz salatu beharrekoa, gogorarazi du Larrañagak. Emakumeek eta gizonek batez beste jasotzen duten soldatetan dagoen arrakalaz galdetuta, EAEn gizonek %14,9 gehiago kobratzen dutela adierazi du Larrañagak, Eurostateko datuak aintzat hartuz.

Hiru arrazoi eman ditu diferentzia hori azaltzeko: ondo ordainduta dauden zenbait sektoretan emakumearen presentzia urria, industria kasu; amatasunagatik hartzen diren lanaldi murrizketak –baja horiek hartzen dituztenen %95 emakumeak direla gehitu du–; eta emakumeentzat "enpresen erakargarritasun falta".

Azken ideia horri tiraka galdetu diote ea emakumeek joera ote duten gaizkien ordaindutako enpleguak aukeratzeko. Baietz erantzun du Confebaskeko buruak, eta horregatik "enpresariok lan gehiago egin behar dugu enpresak emakumeentzat erakargarriago bilakatzeko".

Roberto Larrañaga Oianguren eibartarra 2015etik da EAEko patronalaren elkarteko burua. Eraikuntza sektoretik dator. Zikotz enpresako kontseilari delegatua eta Saski Baskonia saskibaloi taldeko zuzendarietako bat da, besteak beste.

Elkarrizketa osoa, gaztelaniaz, Radio Euskadiko Boulevard saioan entzun daiteke.

7.551 euroko aldea

Otsailaren 22an izan zen emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren eguna, eta horren harira Emakundek emandako hainbat datu ekarri dugu Confebaskeko buruaren adierazpenei testuingurua emateko.

Gaur egungo soldata diskriminazioa da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat Emakunderen ustez. Emakumeen eta gizonen arteko soldataren arrakala 7.551 euroan ezarri du EAEn. Nabarmendu du diferentzia handienak emakume gehien duen sektoreetan gertatzen direla, zerbitzuetan adibidez.

Diskriminazioari dagokionez, ondorengoa da Emakumenderen iritzia: "Lanpostuen bereizketa bertikal eta horizontalak zenbait lanpostu zehatzetara bideratzen du emakumea eta lidergo postuetara heltzea eragozten dio. Bereizketa horren ondorioz, emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude, eta ordainsaria eskasagoa izaten da horietan". Gainera, "kontratu mota, iraupen eta okupazio bera izan arren, aldeak antzematen dira emakumeek eta gizonezkoek jasotako soldaten artean".