argia.eus
INPRIMATU
Confebaskeko buruak dio emakumeek gutxiago kobratzea haien heziketa mailarekin lotuta dagoela
  • Eduardo Zubiaurre Confebask patronaleko burua elkarrizketatu du Euskadi Irratiak osteguneko greba orokorraren aurretik. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak egindako deialdia gaitzesteaz gain, gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala emakumeen heziketarekin lotu du.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 29a
Zubiaurre Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean asteazken honetan.

EAEko Confebask patronaleko buruak ez du arrazoirik ikusten ostegun honetan greba egiteko. Hala adierazi du asteazken goizean Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean egin dioten ordu laurdeneko elkarrizketan. Zubiaurreren ustez, grebarako deialdian aipatzen diren gaiak "estatu mailakoak" dira eta horrelako deialdi batek "gauzak gaiztotu eta trabak ekarriko" ditu bere ustez.

"Ea guztion lan egiteko askatasuna errespetatzen den", adierazi du Confebaskeko bozeramaileak.

Datu baikorrak eta konparazioak

Hain zuzen, Espainiako Estatuko datuekin konparatu ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak bere jarrera esplikatzeko: "Aurreikuspenen arabera datorren urtea izango da Gizarte Segurantzan afiliatuen kopuru gehiengoa lortuko duguna, kontratu mugagabeen alorrean ere maximoetan gabiltza, jakinekoa da gure soldata batez bestekoa Euskadi mailan altuenetakoa dela, gure pentsioak ere altuenetakoak dira, diru sarreren errenta ere garatuena dagoen komunitatea gara...".

Europarekin konparatzea komeniko ote litzatekeen galdetu diotenean, Zubiaurrek baieztatu du zenbait aldagaitan EBko batez bestekoaren inguruan dabilela EAE, BPGan adibidez; baina honakoa ere esan du: "Langabezian batez bestekotik gora gabiltza, baina ezta oso urruti ere". Gaindegiak argitaratutako datuek gezurtatu egiten dute Confebaskeko bozeramaileak esandakoa: Euskal Herri osoko langabezia-tasa %9,1ekoa da Eustateko datuak kontuan hartuta –Katalunia, Espainia, Italia eta Grezia bakarrik lituzke atzetik; EBko batez bestekoa %6,4koa da eta, Alemaniakoa, adibidez, %3,2koa–.

Confebasken iritzia emakume eta gizonen arteko soldata arrakalaz

Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari buruz galdetu diotenean, Zubiaurrek esan du Confebasken ustez bi arrazoi nagusi daudela: "Alde batetik heziketa", esplikatu du, "ze heziketa maila duten gizonek eta emakumeek; eta hezkuntza aukeretatik aurrera eta horren ondorioz, lanaren ibilbideak eta aukerak desberdinak izaten" direla; bestetik, "askoz orokorragoa" den arrazoi bat aipatu du, "etxeko eta laneko elkarbizitza oraindik ere gure gizartean nola banatzen den gizon eta emakumeen artean. Hor emakumeak oraindik ere pisu handiagoa dauka eta horrek baldintzatzen du lan arloan izan ditzaketen aukerak".

Confebaskek emandako arrazoi horiek ez datoz bat, ordea, genero-arrakalaz egin diren ikerketekin: Emakundek iaz argitaratutako "Genero-arrakalak Euskadiko lan-merkatuan" txostenean irakurtzen denez, emakumeen hezkuntza-maila altuagoa da gizonezkoena baino: %16ak bakarrik ditu gehienez derrigorrezko ikasketak (gizonen datua %21raino igotzen da) eta goi-mailako ikasketak dituzten emakumeen portzentajea altuagoa da gizonena baino (%61 lehenbizikoen kasuan; %55 bigarrenenean). Soldata-mailekin gurutzatzean genero arteko desberdintasuna begi-bistakoa da.

Iturria: Genero arrakalak Euskadiko lan-merkatuan. Egileak: Sara de la Rica, Lucía Gorjón eta Ainhoa Vega / Iseak fundazioa.

Rajoyren lan-erreformaren alde

2012an Mariano Rajoyren gobernuak indarrean jarritako Espainiako lan-erreformaz ere hitz egin du Confebaskeko bozeramaileak. "Oso balorazio positiboa" egin du. "Aurretik zegoen lan merkatua oso zurruna zen eta horren adibidea da krisiak zeuden bakoitzean lanpostu asko galtzen zirela, langabezia asko igotzen zela", adierazi du. "2012tik aurrera lan baldintzak aldatu ziren, beste konfiantza giro bat sortu zen, beste modu batera lan egiteko testuingurua eta horrek asko erraztu du estatu mailan berreskuratu diren bi milioi lanpostuak".

PSOEk eta Unidas Podemosek Espainian osatu duten koalizio-gobernuak erreforma hori bertan behera utziko balu "eztabaida" izango luketela ere aurreikusi du Zubiaurrek.