Eduardo Zubiaurrek Confebaskeko presidente kargua hartu du ostegunean. 2012ko lan erreforma defendatu du, ahalbidetu zuen "malgutasunagatik", eta bide horretan atzera egitearen aurka azaldu da. Lan harreman “modernoen” alde egin du, konfrontazioa gaitzetsiz. Enpresarientzako aitortza handiagoa aldarrikatu du.
Ostegunaz geroztik Eduardo Zubiaurre gipuzkoarra da Confebaskeko presidente berria, Roberto Larrañaga ordezkatuz. Presidente bezala egin duen bere estreinako mintzaldian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako patronalaren ikuspegiak eta aldarrikapenak aletu ditu.
Lehenik eta behin, EAEko egoera ekonomikoa positiboa dela azpimarratu du Zubiaurrek. Are positiboagoa inguruko ekonomiekin alderatuz gero. “Euskadiren berreskurapen ekonomikokak bide onetik jarraitzen du”, adierazi zuen.
Positibotzat duen egoera horretan 2012ko lan erreformak izan duen garrantzia defendatu du Confebaskeko buruak. Erreforma hark “lan merkatua malgutu” zuen Zubiaurreren esanetan, enpresei adaptaziorako ahalmenak emanez orduko “krisi sakoneko testuinguru aldakorrean”. "Malgutasun" hori mugatuko lukeen lan-erreforma berri baten aurka ere hitz egin du. Bere ustetan, “erreformaren erreformak” ez luke enplegua sortzen lagunduko eta enpresarien artean “ziurgabetasuna” piztuko luke.
Agenda neoliberala
Zubiaurrek ekonomiak dituen erronkak eta horiei heltzeko proposamenak xehetu ditu bere mintzaldian. Talentua “sortu, erakarri eta mantendu” beharra aldarrikatu du, horretarako enpresak “erakargarriagoak” eginez. “Euskadin egonkortasun instituzionala” mantentzearen garrantzia azpimarratu, eta enpresarientzako fiskalitate “lehiakorragoa” aldarrikatu du. Zentzu horretan, kotizazio sozial “altuen” aurka azaldu da, kontratazioa “garestitu” egiten duelako. Euskal Y-a amaitzea eta energia merkeago ordaintzea ere jarri ditu lehentasunen artean.
Konfrontazioaren aurrean, aitortza enpresariei
Sindikatu batzuk konfrontazioa sustatzen ari direla adierazi du Confebaskeko presidente berriak. Horren aurrean, bestelako lan harremanen alde egin du: “Modernoak, garai berriei egokituak, konfrontazio eredua atzean utziko dutenak”. Enpresarientzako “aitortza sozial handiagoa” eskatu du Zubiaurrek, “herrialdean eta bertako pertsonen garapenean egiten duten ekarpen garbiagatik”.
“Beharrezko da gizon eta emakume enpresariei aitortza sozial handiagoa egitea, herrialdearen eta bertako pertsonen garapenean egiten duten ekarpen garbiagatik”, E.Zubiaurrek @Confebask gaur esanda https://t.co/kKEy94rdSJ pic.twitter.com/HuF1N9Zx0A
— Confebask (@Confebask) July 18, 2019