argia.eus
INPRIMATU
Confebask ELA eta LABi sindikatu izaera kentzen saiatu zen CEOEren dokumentu baten arabera
  • Confebask ELA eta LABi sindikatu izaera kentzen saiatu zela baieztatu du ELAk CEOEren dokumentu baten bidez.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 20a
Bi sindikatuetako ordezkariak Confebasken asmoak salatzeko elkarretaratze batean.

Sindikatuen kontrako ekinbide hori lehenago ere salatua zuten. 2014an argitaratu zuen ELAk EAEko patronalaren asmoak salatzen zituen txostena.

Aurtengo apirilean Adolfo Muñoz ELAko buruak adierazi zuen Jaurlaritzak pribatuan onartu zuela Confebaskek ELA eta LAB legez kanpo uzteko intentzioa. Orain, ELAren zerbitzu juridikoek lortutako CEOEren dokumentu batek berretsi egin du.

CEOEk bideratutako eskaria

Espainiako Estatuko patronala izanda, CEOEri dagokio mota horretako alegazioak egiteko eskubidea. Confebaskek, hortaz, Espainiako patronalari agiri bat bidali zizkion sindikatu izaera kentzeko prozedura proposatuz. Gaia publiko egin ondoren ordea, Confebaskek ukatu egin zuen proposamenak izaera ofizialik zuenik.

ELAk Enpleguko Zuzendaritza Orokorrari eskatu zion CEOEk aurkeztutako alegazioen kopia oso bat. Haiek eskuratu ondoren, eta aurretik Confebaski egotzitako dokumentuaren edukiarekin konparatu ondoren, sindikatuak ondorioztatu du "agerikoa" dela CEOEk bere egin duela Confebasken eskaria.

"Europako patronalik erreakzionarioena"

ELAren webgunean kontsultatu daitezke bi dokumentuen edukiak. Sindikatuaren ustez "agiriak nabarmen uzten du Confebaskek berari egotzi genion agirian zein posizio eta iritzi agertu zuen; alabaina, Eusko Jaurlaritzak zuritu egin nahi izan zuen, baita kasu honetan ere, patronalaren jokabidea".

"Orduan esan genuen bezala, Europako patronalik erreakzionarioenetako bat dugu hau", irakur daiteke ELAk argitaratu duen testuaren amaierako partean. Sindikatuak gaineratu du "gobernuek patronalari mugarik jartzen ez dioten artean honek, diru publikoz finantzatuta eta bere ordezkaritza zein den inork ez dakielarik, bere lobby lanari eutsiko diola, botere handiagoa lortu eta eskubide laboral zein sozial guztiak hondatzeko".