argia.eus
INPRIMATU
Companys Kataluniako presidentea oroituko dute Irungo Avenida zubian
  • Larunbatean ekitaldia egingo du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, naziek duela 80 urte politikari errepublikarra frankisten esku utzi zuten toki berean. 1940ko urriaren 15ean fusilatu zuten Companys Montjuic-en. 

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko abuztuaren 27a
Pedro Urraca agente naziak LluĂ­s Compasnysi Bidasoako mugan azken erretratua atera zion.

1940ko abuztuaren 29an Lluís Companys Kataluniako presidentea autoz eraman zuten ofizial naziek Hendaiako mugaraino, erregimen frankistak hura estraditatzeko eskatu eta gero. Errepublika garaiko Generalitateko presidente ezaguna Pedro Urraca agenteak atxilotu zuen egun batzuk lehenago, eta bi hilabete geroago hil zuten Bartzelonan, Montjuiceko gazteluan, egun bat baino iraun ez zuen gerra kontseiluaren ondoren.

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak entrega hori gogoratuko du datorren larunbatean Hendaia eta Irun artean dagoen Avenida zubian. Eguerdiko 12:00etan lore eskaintza egingo dio Companysi, bere argazkia paratuko duten tokian.

Elkarte honek aste osoan zehar hainbat eduki eta bideo zintzilikatu ditu bere webgunean Lluis Companysen inguruan. Besteak beste, Antoni Strubelli egindako elkarrizketa dago ikusgai, LLuís Companys Batzordeko koordinatzailea izandakoa: “Badago legenda beltz bat bere inguruan, frankismoko eskuinak eta Elizak zabaldua… baina injustua da esatea ospe txarraz libratu zela hil zuten moduagatik, berak ahal zuena egin zuen Katalunian hildakorik ez izateko”, dio historialariak.

Horrez gain, Gemma Aguilerari egindako elkarrizketa ere jarriko dute ikusgai. Aguilerak Pedro Urracaren bizitza ikertu du eta Agente 447, el hombre que detuvo a Lluís Companys liburuan jaso zituen emaitzak. Urracak azpilan handia egin zuen Frantzian erbesteratutako errepublikar esanguratsuak atzemateko; errepresio hori aurrera eramateko kolaboratzaile sare oso bat zuen sortuta.

1940ko abuztuan atxilotu zuten Companys Bretainiako Ar Baol-en Gestapoko agenteek. 1939ko otsailean gerra amaitzear zela, Kataluniako presidenteak Jose Antonio Agirrerekin batera igaro zuen Pirinioetako muga, baina urtebet geroago naziek Frantzia okupatu zutenean, bertan geratzea erabaki zuen. Abuztuaren 25ean Ramon Serrano Suñer Francoren atzerri aferetako ministroak estraditatzeko eskaera egin zuen.

Halaxe entregatu zuten presidente katalana Bidasoa gurutzatzen duen Avenida zubian. 1915ean eraikia, zubi hori gertaera historiko askoren lekuko izan da; besteak beste, 1936ko irailean milaka irundar igaro ziren bertatik frankistengandik ihesi. 1992an trafikoari itxia, azken urteetan hainbat obra egin dituzte bertan, 2017tik guztiz itxita egon da, baina birgaitze lanen ondoren, egunotan berriz zabalduko dute.