argia.eus
INPRIMATU
Common Voice, euskarazko ahots teknologia lortzeko ekimen herritarra Euskarabildua jardunaldietan izango da
  • Gero eta gehiago entzuten da etorkizunean ez dugula teklaturik erabiliko. Gero eta ohikoagoa da makinekin elkar eragiteko ahotsa erabiltzea eta horretarako hainbat tresna daude: Google Assistant, Apple Siri, Microsoft Cortana, Amazon Alexa... Tresna hauek erraztasun handiak ematen dituzte, baina guzti hauek enpresa teknologiko erraldoien menpe dauden tresnak dira

ARGIA @argia 2023ko urriaren 17a

Software pribatibo horiek hainbat arazo erakutsi dituzte:

  • Hizkuntza zabalduenetan bakarrik erabil daitezke. Atzean dituzten enpresa handiek etekin ekonomikoei soilik begiratzen dietenez, hizkuntza txikiak ez dira bideragarriak haientzat.

  • Ez dute ahots aniztasuna kontuan hartzen. Historikoki tresna hauek entrenatzeko erabili diren ahots gehienak klase ertaineko gizon zurienak izan dira eta, beraz, hortik ateratzen den guztia ulertzen zailagoa izango da makinentzat.

  • Pribatutasunaren aldetik ere arazoak erakutsi dituzte. Besteak beste, helburu komertzialekin enpresa handi horietan herritarrak aparailuarekin hitz egiten ari ez zirenean ere, ahotsen grabazioen entzuketa martxan zegoela filtratu zen duela urte batzuk. 

Mezu baikorra da makinei hizkuntza txikiak erakutsi nahi dizkieten eta herritarren pribatutasunari erreparatzen dioten alternatibak badaudela. Common Voice, librea izango den ahots ezagutza teknologia lortu nahi duen Mozillaren ekimena da eta aurtengo Euskarabildua jardunaldiak proiektu honen berri emango du.

Ahotsaren ezagutza libre hori lortzeko hainbat hizkuntzatan ekarpenak egingo dituzten milaka edo milioika ahots behar dira. Euskarazko teknologia librea lortzeko ahalegin horretan Librezale taldea hasi zen Mozillaren ekimena bultzatzen eta 2023an HPSk ekimenari lagundu nahi izan dio, sustapenean lagundut, Gaitu Hizkuntza Teknologien estrategia orokorraren barruan. Hala, azarotik aurrera, Topagunearekin batera, Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan herritarren euskarazko grabaketak sustatzeko ekimenak jarriko dira martxan.

Euskarabildua jardunaldian Common Voice egitasmoari buruzko informazioa emango du Asier Iturralde Librezaleko kideak eta Garbiñe Garagarzak (Topagunea), azaroan eta abenduan Euskal Herrian egingo diren ahots grabaketa saioei buruzko informazioa partekatuko du.

Common Voicen ibilbideari eta nondik norakoei buruz aritu da Iametza bere azken ‘Hodeia ez da existitzen’ podcast-ean. Gehiago jakiteko, entzun Marko Txopitea Librezaleko kideari egindako elkarrizketa.

Euskarabildua jardunaldia urriaren 26an egingo da San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Bertaratu nahi izanez gero, www.euskarabildua.eus webgunearen bidez izena eman daiteke.