argia.eus
INPRIMATU
Comik-D, Donostiako komiki-azoka berria, hasi aurretik gaizki
  • Astebukaera honetan izango da Kursaalen webgunea, Facebook orria eta Twitter kontua gaztelania hutsean dituen eta Diario Vascok antolatzen duen jaialdia.

Igor Leturia @ileturia 2017ko otsailaren 02a

Donostian lehenbizikoz antolatuko den komiki-azoka berri baten albistea ematea pozteko modukoa izan beharko litzateke ni bezalako komikizale batentzat.

Alabaina, Comik-D honek ez dit batere ilusiorik pizten; alderantziz, haserretu eta amorratu egiten nau. Izan ere, nola liteke Donostian gaur egun komiki-azoka bat antolatzea eta webgunea, Facebook orria eta Twitter kontua, denak, gaztelania hutsean egotea?

Onartezina iruditzen zait. Hori ikusita, pentsa dezakegu azoka bera ere nola izango den hizkuntza-trataerari dagokionez. Baina tira, zer espero liteke atzean Diario Vasco egonik... Eta izenean D jarri dutelako SSren ordez konplitu dutelakoan egongo dira gainera.

Beraien webgunera zoazte egitaraua ikustera, nik ez dut hemen jarriko, publizitate nahikoa eta gehiegi egin diet jada.

Artikulu hau Igor Leturiak publikatu du Eibar.org komunitateko bere blogean eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.