Lehen itzuliko emaitzak berretsi eta hobetu ditu ezkerrak Bokale, Angelu eta Baionatik hasi eta Gixune eta Akamarre ingururaino hartzen duen bosgarren barrutian: bozen %62,64 lortuta, hogeita bost puntu baino gehiagoko aldea atera dio Batasun Nazionaleko eskuin muturrari (%37,36).
Fronte Herritar Berriak (FHB) aisa irabazi du Frantziako hauteskunde legegileetako bigarren itzulia bosgarren barrutian. Kostaldeko hiri handiak –Baiona edo Angelu esaterako– zein barrualdeko herriak hartzen dituen barruti honetan, Batasun Nazionalak (RN) soilik Gixunen irabazi du, oso tarte txikiagatik, eta gainerako udalerrietan ezkerra atera da garaile.
Colette Capdevielleren hautagaitzak 40.607 boz jaso ditu, boto guztien %62,64, eta ia bikoiztu egin ditu duela astebeteko emaitzak (22.643) Aldiz, Batasun Nazionaleko Serge Rossok aurreko astean baino milaka boz batzuk gehiago jaso baditu ere –ordukoan 19.308 boto eta orain 24.221–, orotara bozen %37,36 erdietsi du, hau da, ezkerrak ia hogeita bost puntuko aldea atera dio RNren eskuin muturrari.
Parte hartzea barruti honetan lehen astekoaren oso antzekoa izan da, oso altua beraz, deituta zeuden herritarren %70,72 joan dira hautestontzietara.
Lehen itzulian FHBak bozen %32,30 eskuratu zituen, eskuin muturrak baino ia bost puntu gehiago (%27,54). Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gidatzen duen Ensembleko Florence Lasserre bigarren izatetik oso gertu ibili zen (%26,63), baina alderdiaren kontsignari jarraiki bere hautagaitza erretiratzea erabaki zuen. Ipar Euskal Herria hartzen duten hiru barrutien artean, honetan soilik lehiatu dira eskuin muturra eta ezkerra eurak bakarrik, aurrez aurre.
Ipar Euskal Herria hartzen duten hiru barrutien artean, honetan soilik lehiatu dira eskuin muturra eta ezkerra eurak bakarrik, aurrez aurre
Baina ikusteke zegoen Ensembleko boto emaileek norantz egingo zuten, baita bigarren itzulian hautagaitza aurkeztu ahal izateko gutxieneko portzentajera iritsi ez ziren eskuineko beste alderdietako boto-emaileek zer egingo zuten ere. Capdevielle alderdi sozialistako aurpegi moderatua izaki, hedabideek hauspotu duten “ezker erradikalaren” iruditik urrun, badirudi erakarri dituela boto-emaile horietako asko, eta milaka boto horiek bereganatu dituela, emaitza historikoa lortuta.
Lehen itzuliko mapa irauli egin da
Herriz herri, bosgarren barrutian ikus daiteke ezkerrak emaitza oso onak lortu dituela kostaldeko herri eta hiri populatuenetan; Baionan, esaterako, FHBri babesa eman dioten herritarrak (14.397) RNren eskuin muturrari eman diotenaren bikoitza dira (7.097).
Barrualderagoko lehia neurtuagoa izan bada ere, kolorea irauli egin da –lehen itzulian RN atera izan zen lehen indarra horietako gehienetan– eta FHBa gailendu da, Gixunen izan ezik, soilik bost botorengatik irabazi du RNk herri horretan.
[[hauteskundeak barrutiak estua 2024 U7 frantziako-legegileak bost]]