argia.eus
INPRIMATU
Coca-Cola Europar Kontseiluko Errumaniaren presidentetzaren sponsorra dela salatu dute
  • Foodwatch GKEak otsailaren 26an salatu duenez, Coca Cola konpainiak ofizialki babesten du Errumaniaren presidentetza Europar Kontseiluan. Multinazionalei eragiten dieten legeak ezarri behar dituen administrazioak ezin duela halako harremanik izan salatu du elkarteak, eta Europako Batzordeko presidente Donald Tuskek eta Errumaniako lehen ministro Viorica Dăncilăk-i babesletza bertan behera uzteko eskatu diote, Reporterre hedabideak jaso duenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2019ko otsailaren 27a
Coca-Colaren babesletza iragartzen duten mezuak.

"Zabor jana eta honek osasunean dituen ondorioak arazo sozial badira, erabat onartezina da Europar Kontseiluaren presidentetza Coca-Colak babestea", adierazi dute komunikatu batean.

2019ko urtarriletik hasita Errumania sei hilabetez da Europar Kontseiluko presidente. Joan den urtarrilaren 31ko Atzerri Ministroek Bucaresten egin zuten bileran Coca-Colaren marketing produktuak zeudela informatu zuten kazetari alemaniarrek. "Coca-Colak harro babesten du Errumaniaren lehen presidentetza EBn" mezuak irakur zitezkela jakinarazi zuten eta barruan publizitate kartelak zeudela, azpiko txioetan ikus daitezkeenez.

Coca-Colaren publizitatea atzerri ministroen bileran.

"Europako egitura politiko nagusietako bat babestea Coca-Colak benetan inpaktantea da", salatu du Karine Jacquemart elkarteko zuzendariak. "Halako babesletza bat interes gatazkan sartzen da eta eragina du zabor janari buruzko Europako agenda politikoan".

Foodwatchen ustez, Coca-Cola bere interesen aurkako legediak borrokatzen ari da, hala nola, Europan azukreari zergak igotzea. Hurrengo hilabeteetan, adibidez, Europar Batasueko arduradun politikoek baloratu beharko dute elikadurarekin zerikusia duen legedia, baita elikagaien ontziek etiketetan eraman beharko duten informazio garrantzitsua ere.

Foodwatchek bere kanpaina zabaltzeko egin duen irudia.