Glasgowko klima gailurrean herrialdeek sinatuko duten akordioaren lehen zirriborroa filtratu da, eta konpromiso maila zein txikia den jarri du mahai gainean Greenpeace talde ekologistak: CO2 isuriak murrizteko eta erregai fosilak mugatzeko neurririk ez da aipatzen.
Lehen zirriborroak hain konpromiso gutxi eskatzea seinale txarra dela nabarmendu du Greenpeacek, normalean erronka anbiziotsuagoak izaten dituztelako abiapuntuan, eta herrialdeen arteko negoziaketek urardotzen dutelako azken emaitza.
Parisko akordioa betetzeko hamarkada kritikoan gaudela eta Lurraren 1,5 ºC-ko berotzea mantentzeko neurriak urgenteki hartu behar direla dio Glasgowko COP26 bileraren lehen dokumentuak, baina hain justu berotze hori ez areagotzeko erregai fosilak ezabatzea ezinbestekoa da, eta petrolioaz, gasaz, ikatzaz eta gainerako erregai fosilez ez dio ezer lehen zirriborroak. Negutegi efektuan eragin handia duen CO2aren isurketa murriztu beharrari ere ez zaio aipamenik egiten.
Are gehiago, goi bileraren atarian gas, petrolio eta ikatzaren produkzioa 2030erako handitzeko asmoa agertu dute ekoizle nagusiek, Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez.