argia.eus
INPRIMATU
CO2 neurgailua duten tabernek ez dute edukiera mugarik izango Nafarroan
  • Datorren astelehenetik aurrera sartuko da indarrean neurri berria eta, ondorioz, tabernen barrualdeak zabaldu ahal izango dituzte %30eko edukierarekin; eta edukiera mugarik gabe baldin eta CO2 neurgailua badute.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko maiatzaren 13a
Iruñeko Gazteluko Plazako terraza bat. (Arg.: X.Letona)

Iragan asteartean, Nafarroako Gobernuak mantendu nahi zuen etxeratze agindua bertan behera utzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak, alarma egoera baliogabetuta horrelako eskubide murrizketarik ezin dela mantendu argudiatuz. Aldi berean, ostalaritzaren esparruan ere hainbat neurri finkatu zituen.

Terrazek, esate batera, 22:00ak arte bakarrik ireki zezaketen eta epaileek neurria bertan behera utzi zuten; orain, goizaldeko ordu bata arte irekita egon ahal izango dira, ohi moduan; hori bai, 00:00 orduetatik aurrera bezero berririk hartu gabe.

Berririk esanguratsuena, aldiz, taberna barrukoa da. Pandemiaren laugarren olatuan zehar itxita egon dira Nafarroan eta maiatzaren 17tik aurrera ireki ahal izango dituzte %30eko edukierarekin, eta CO2 neurgailuarekin edukiera muga barik, beti ere neurgailua 800 pmm neurritik (airean une horretan milioiko kopuru batean diren partikulak) pasatzen ez bada. Hori bai, oraingoz mahaietan eserita bakarrik egon ahal izango da.

Beste neurri batzuk ere izango dituzte barne aldeak: mahaien arteko distantzia bi metrokoa izango da gutxienez, mahaikideen artekoa 70 zentimetrokoa eta mahaian sei lagun bildu ahal izango dira gehienez. Oraindik ez dago garbi barru aldeak otorduetarako bakarrik ireki ahal izango diren edo denbora guztian; ezta ere tabernariek bezeroen datuak hartu beharko ote dituzten, gero aztarnarien lana errazteko. Neurriok maiatzaren 20ra arte egongo dira indarrean, eta handik aurrera gobernuak beste foru agindu bat kaleratuko du.