argia.eus
INPRIMATU
CNIko buru Paz Esteban kargugabetu du Espainiako Gobernuak
  • Iragan astetik kargugabetzea iragarrita zuten hainbat hedabidek. Pegasus espioitza kasuak sortutako alarma eta krisia itxi nahian hartu du erabakia gobernuak, baina ikusteko dago lortuko duen, galdera askok erantzunik gabe jarraitzen baitute.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko maiatzaren 10a
Paz Esteban CNIko burua. Argazkia: rtve.es

El País egunkariak eman du berria. Astearteko Espainiako Ministroen Kontseiluak Paz Esteban zerbitzu sekretuen burua kargugabetzea erabaki du. 2019tik zegoen karguan Esteban, eta lehenbiziko emakumea izan da CNIko buru izaten. Iragan astetik hainbat komunikabidek segurutzat jotzen zuten kargugabetzea.

Krisia ez da itxi

Citizen Lab ikerketa zentroak Katalunia eta Euskal Herriko independentismoari loturiko 65 pertsonaren telefonoak Pegasus softwarearekin espiatuak izan direla jakinarazi zuenean krisi politiko sakona ireki zen estatuan. Estebanen kargugabetzearekin krisia ixten saiatu da gobernua, baina zaila dirudi neurri horrekin soilik lortuko duenik.

Esteban kargugabetu dute, baina ez Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroa. Robles CNIren arduradun politikoa ere bada, eta krisiari sua erantsi dio bere adierazpenekin, independentisten aurka eginez eta espioitza justifikatuz. Kataluniako independentismoak Roblesen burua eskatu du hainbat alditan, baita Espainiako Gobernuan PSOErekin koalizioan gobernatzen duen Podemosek ere. Krisiak PSOEren barneko tentsioak utzi ditu agerian ere, Pedro Sánchez presidentearen taldearen eta Roblesen aldekoen artean.

Bestalde, espioitza ezagutu zenetik sortu diren galdera gehienak erantzunik gabe jarraitzen dute. Estebanek berak 28 edo 29 (hedabidearen arabera) pertsona zelatatzeko Espainiako Epaitegi Gorenak CNIri emandako baimenak erakutsi zizkien talde politikoen ordezkariei Kongresuko sekretu ofizialen batzordean iragan ostiralean. Ez zuen informaziorik eman Citizen Labek jakinarazitako beste kasuen inguruan (momentuz 65, baina zenbait hedabidek zabaldu dute elkarteak 150 pertsonako zerrenda bat argitaratuko duela berandu gabe). Ez zuen azaldu ere nork eskatu zuen independentistak zelatatzea. Krisiaren erdian, Espainiako Gobernuak prentsaurrekoan iragarri zuen Pedro Sánchez eta Margarita Roblesen sakelekoak ere zelatatuak izan direla Pegasus programarekin –independentismoak arreta desbideratzeko "ke gortina" bezala salatu zuen jakinarazpena–, eta gerora filtratu da Grande Marlaska Barne ministroarenarekin berdina gertatu dela. Espioitza horren balizko arduradunez ere inongo informaziorik ez du eman gobernuak.