argia.eus
INPRIMATU
Clintonek eta Lula da Silvak ere bake prozesua babestu dute
  • Bill Clinton AEBetako presidente ohiak Euskal Herriko bake prozesuak aurrera jarraitzea desio duela idatzi zuen larunbatean Twitterren. Bestalde, Lokarrik jakinarazi du Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente ohiak Aieteko Adierazpena babestu duela.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 24a
Bill Clintonen txioa Euska Herriko bake prozesua babestuz.

"Albiste onak Euskal Herritik. Haien bake prozesuak aurrera egitea espero dut", idatzi du Clintonek Twitter kontuan.

 

Lula da Silvak ere babestu du Aieteko Adierazpena

Sinatu eta denbora gutxira, 2011ko urrian, Jimmy Carter AEBko presidente ohiak babestu zuen Aieteko Adierazpena. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak eta Georges Mitchell AEBetako senatari ohiak gauza bera egin zuten gero; eta orain Lula da Silvak eman dio babesa, Lokarrik jakinarazi duenez.

Iazko urrian, halaber, Amerikako hamar herrialdetako hemezortzi politikarik bat egin zuten adierazpenarekin. Tartean zeuden Lucía Topolansky senatari uruguaiarra; Rodrigo Borja Ekuadorreko presidente izandakoa; Piedad Cordoba kolonbiar senatari ohia; eta Kolonbiako hiru presidente ohi: Cesar Gaviria, Ernesto Samper eta Belisario Betancur.

Le Monde: "Espainiako Gobernuak sakabanaketa politika amaitu behar du"

Le Monde egunkariaren arabera, “bake iraunkorrerako aukera” zabalik dago Euskal Herrian. Larunbateko editorialean dioenez, “Madrilek eta Parisek aukera probestu behar dute”.

Espainiako Gobernuari eskatu dio sakabanaketa politikarekin amaitzeko: “ETAk armagabetzea abiatuz egin duen keinuari, erantzun beharko dio Espainiako Gobernuak sakabanaketa politikarekin amaituz”.

Irlandako gatazkarekin alderatu du Le Mondek prozesua: “Zoritxarrez, Erresuma Batuko Gobernuak ez bezala, Espainiak ez du aitortu armagabetze batzordearen lana”.