argia.eus
INPRIMATU
Claudia Vera Peruko ekintzaile transexuala tiroz hil dute
  • Martxoaren 30eko larunbat goizaldean, Transexualen Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan, kalean tirokatu zuten.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 02a

Vera giza eskubideen defendatzailea zen, eta GIB birusaren prebentzioaren aldeko borrokan ziharduen. Peru mailan, GIB birusarekin kutsatutako gazteen lehen topaketen bultzatzailea zen, baita Peruko GIBdun gazteen sarearen sortzailea ere. 30 urte besterik ez zituen Lima hirian tiroz hil zutenean.

Testiguek jakinarazi dutenez, Vera gizonezko batekin eztabaidatzen ari zela emakume bat hurbildu zitzaion, irainduz eta mehatxatuz. Emakumeak alde egin zuen, baina minutu batzuren bueltan arma batekin itzuli eta Veraren kontra bost aldiz tiro egin zuen. Polizia gertakariak ikertzen ari dela adierazi du LGBTI komunitatea ardatz duen Presentes berri agentziak.

Gaur gaurkoz, Peruk ez dauka gorroto delituak zigortzeko berariazko legerik. Sandy Sussel, Veraren adiskide eta ekintzaile transak Presentes-i adierazitakoaren arabera, “emakume trans bat tartean denean, poliziak ez du ikerketarik egiten, ez zaie inporta nork eta zergatik hiltzen gaituen”.

Amnistia Internazionala hilketaz mintzatu da, eta Peruko Fiskaltzari kasua ikertu dezan exijitu.