argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak Mexikon
Claudia Sheinbaum izanen da Mexikoko presidentea
  • Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduko hautagaiak 26,6 eta 28,6 puntu arteko aldea atera dio Xochitl Galvez hautagai kontserbadoreari. Egungo presidente eta alderdikide Andres Manuel Lopez Obrador-en bidetik jarraitzeko asmoa agertu du Sheinbaumek. Mexikoko lehenengo emakumezko presidentea izango da.

     
Olaia L. Garaialde 2024ko ekainaren 03a

Oraindik datuak behin behinekoak diren arren, Claudia Sheinbaum izanen da Mexikoko presidentea. Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduko hautagaiak bozken %58.3 eta %60,7 artean lortu du. Hori dela eta, Mexikoko lehenengo emakumezko presidentea izanen da. Hautagaiak azpimarratu du ez dela presidente izatera bakarrik iritsi, emakume askorekin batera egin duela bidea.

Datuak behin behinekoak dira. 5.651 hautesletako boto paperak zenbatu dituzte; hau da %95. Ekainaren 5etik aurrera jakinen dituzte behin betiko datuak. Xóchitl Gálvezek, Ekintza Nazionaleko alderdiko hautagaiak bozken %26,6 eta 28,6 artean eskuratu du, eta Jorge Álvarez Máynezek, Herritarren Mugimenduko hautagaiak, aldiz, %9,9 eta %10,8 artean.

"Transformazioaren" bidetik

Andres Manuel Lopez Obrador egungo presidentearen politiken bidetik jarraitu nahi du  Sheinbaumek; hau da "justizia sozialaren", "ongizateren" eta "transformazioaren" alde egiten jarraitu nahi du. Horretarako, legealdi honetan iragarri dituen neurrietako batzuk dira, besteak beste, gutxieneko soldata igotzea, 60 urtetik gorako emakumeentzako bekak sortzea, energia berritzaileetan inbertitzea eta errepideak berritzea. "Aniztasun politikoa, kulturala, erlijiosoa eta soziala eta genero aniztasuna eta aniztasun sexuala errespetatuko ditugu. Edozein zapalkuntzaren kontra borrokatzen jarraituko dugu herrialde justuagoa, demokratikoagoa eta subiranoagoa eraikitzen jarraitzeko", esan du Sheinbaumek.