Mendi istripuz larunbatean hil zen Jusqu’au Retrait kolektiboko kide eta NPAko militanteari omenaldia egin diote San Izpirituko zubian.
Lan erreformaren kontra Frantziako Estatu osoan egiten ari diren protesten artean enegarrena izan da asteartekoa eta Baionan jendetza bildu da beste behin manifestazioan, sindikatu nagusiek eta Jusqu’au Retrait kolektiboak deituta, Frantziako Senatuak erreformaz bozkatu behar duen egun berean.
Hain justu kolektibo horretako kideek omenaldia egin diote duela egun gutxi zendu den Claude Larrieu kideari. San Izpirituko zubian militante ezagunaren argazkia paratu dute eta lore eskaintza egin diote.
Omenaldia @jusquauretraitk Claude Larrieuri baionako manifestazioan pic.twitter.com/DnSMdizZRt
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) 2016(e)ko ekainak 28
Larrieu istripuz hil zen Iparla mendian ekainaren 25ean eta heriotzak erreakzio ugari eragin ditu; NPA alderdiko militante izateaz gain Bagoaz preso eta iheslarien eskubideen aldeko taldearen bozeramaile ere bazen: “Bere engaiamenduak zein konbikzioak, elkarlanerako espazio bat sortzen lagundu digu” azaldu du Bagoazek ohar bidez.
Azkenaldian lan erreformaren kontrako borrokan jardun izan zen Larrieu Jusqu’au Retrait kolektiboan eta harentzat ere golpe gogorra izan da beraren heriotza.
Claude Larrieu gure burkidea gaur zendu da mendian. Ez adiorik Claude!
— jusquauretraitkolekt (@jusquauretraitk) 2016(e)ko ekainak 25
Jusqu'au Retrait kolektiboa: "Borrokan segituko dugu"
Astearteko protesten bezperan egindako prentsaurrekoan Larrieu gogora ekarriz “borrokan segituko” dutela azpimarratu dute kolektiboko kideek. Salatu dute azkenaldian Frantziako Gobernuak errepresioaren bidea hartu duela lan erreformaren kontrako protestak gerarazteko eta ekainaren 23an Baionako suprefektura blokeatzen saiatu zirenean gertaturikoa gogorarazi dute.
Egun horretan bost lagun atxilotu eta horietako bat, Txetx Etcheverry Bizi! mugimenduko kidea, jipoitu egin zuen poliziak kamerak urrun zirela, ondoren zabaldutako argazkietan ikus daitekeenez.