argia.eus
INPRIMATU
Claude Lanzmann omenduko du Euskadiko Filmategiak, proiekzio berezi batekin
  • Uztailaren 12an Claude Lanzmann zuzendariaren Le dernier des injustes filma proiektatuko dute Donostiako Tabakaleran. Joan den astean hil zen zuzendari frantziarraren omenez antolatutako emanaldi berezia da.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko uztailaren 09a
Lanzmann eta Murmelstein filmeko pasarte batean.

Shoah izan zen Lanzmannen film ezagunena, II. Mundu Gerran juduek jasan zuten genozidioari buruzko dokumental erraldoia (9 ordutik gorako metrajea dauka). Film horretarako errodatu zituen materialetatik abiatu zen Lanzmann ostegun honetan eskainiko duten filma osatzeko.

Izan ere, Benjamin Murmelsteinekin izandako elkarrizketak dira Le dernier des injustes filmaren ardatza. Murmelstein izan zen Theresiesntadt kontzentrazio-esparruko Kontseilu Juduko azken presidentea eta 1975ean grabatutako elkarrizketetan, Lanzmanni kontatu zion nolakoa bizimodua izan zuten nazien eskuetan erori ziren juduek.

Material hori Shoah-tik kanpo geratu zen, baina zuzendariak 2013an estreinatu zuen lan honetan egin zuen publiko, Shoah estreinatu eta ia 30 urte geroago. Zuzendariaren azken filmetako bat izan zen, ondoren beste bi lan besterik ez baitzituen estreinatu: Napalm (2017) eta Les Quatre Sœurs (2018).