argia.eus
INPRIMATU
Clara Montero izango da Tabakalerako kultur zuzendari berria Ane Rodriguezen ordez
  • Clara Montero izango da Ane Rodriguezen ordezkoa Tabakalerako kultur zuzendaritzan. Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendaria izan zen aurretik, baita Bilboko Alondegiko programazio kulturalaren arduraduna ere.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko apirilaren 30
Clara Montero (erdian) Tabakalerako zuzendari kultural berria (argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia).

Beste 84 hautagai ere aurkeztu ziren Ane Rodriguezek utzitako hutsunea betetzeko. “Arte garaikideko eta ikus-entzunezkoetako proiektuen diseinuan, estrategian eta exekuzioan ibilbide sendoa dauka”, azaldu du Tabakalerak izendapenaren berri emateko zabaldu duen prentsa oharrean.

Kultur zuzendari berriak orpoz orpo lan egingo du Oier Etxeberriarekin (Arte Garaikideko alorraren zuzendaria), Victor Iriarterekin (zinema) eta Arantza Mariskalekin (Ubik, duela 130 egunetik itxita dagoen sorkuntza liburutegia).

Ane Rodriguezek 2012tik bete dituen zereginen aldean, desberdina izango da Monterorena. Izan ere, 2018an erakunde publikoek Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusi izendatu zutenetik, kultura garaikideko gunearen norabidea aldatzen hasi zen. Horren erakusgarri da urtarrilean onartutako plan estrategiko berria: dokumentu horretako ildoak zehaztea eta exekutatzea izango du betebehar nagusia kultur zuzendari berriak.

Norabide aldaketa hori burutzeko, aurretik Tabakalerarekin harremana izan zuen norbait aukeratu dute: Jaurlaritzako kultura sustapenerako zuzendari gisa erakundearen administrazio kontseiluan egon zen eta 2008tik 2011ra bitartean, artean garapen fasean zen tabako fabrikako jardueren koordinatzailea ere izan zen, Joxean Muñozek –egun Jaurlaritzako Kultura sailburuordea– proiektua gidatu zuen garaian.