argia.eus
INPRIMATU
Claire Simon zuzendaria Donostian izango da maiatzean, Tabakalerak antolatu duen atzera begirako zikloan
  • Iaz Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan lehen aldiz Sail Ofizialean lehiatu ostean, Euskal Herrira itzuliko da aurten Claire Simon zinema zuzendaria. Tabakaleran haren filmografia osoa proiektatuko dute apirilaren 7tik aurrera eta maiatzaren 28an, Récreations filmaren emanaldia amaituta, masterclass bat eskainiko du.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko apirilaren 05
Claire Simon 2021eko Zinemaldian (argazkia: Gari Garaialde / Zinemaldia).

Simonen zinemagintza “ezagutzeko edo berraurkitzeko” aukera eman nahi du Tabakalerak aste honetan hasiko den zikloaren bitartez. Antolatzaileen esanetan, Londresen jaiotako zuzendariaren ibilbidean obra “askea eta ausarta” osatu izanagatik nabarmendu da.

1955ean Erresuma Batuan jaioa izan arren, Simonen ibilbidea oso lotuta egon da betidanik Frantziako Estatuarekin. Muntatzaile gisa aritu ondoren, 1970eko hamarkadaren amaieran hasi zen film laburrak egiten autodidakta moduan. Varan tailerretan egonaldi bat egiteak aldatu zuen bere perspektiba: Jean Rouch ezagutu zuen han, “Cinéma verité”-aren sortzaileetakoa izandako zuzendariaren bitartez, zinema egiteko bestelako moduetan murgildu zen.

1997an Sinon, oui filmarekin debutatu zuen fikzioan eta Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldi ezagunean parte hartzeko hautatu zuten. Hurrengo urtean berriz, Récreations filmarekin, nazioarteko ospea lortu zuen, eskolako jolastoki batetik abiatuta gizartea antolatzeko moduari buruz proposatu zuen gogoetarekin.

Tabakalerak nabarmendu duenez, Simonen filmografian badago ezaugarri garrantzitsu bat: behaketaren eta entzutearen garrantzia, Geógraphie humaine (2013) dokumentalean edo Gare du nord  (2013) fikziozko lanean ere sumatu daitekeena.

Apirilaren 7an hasiko den programazioak hiru hilabete iraungo du eta Simonen filmei laguntzeko, hainbat jarduera paralelo antolatu dituzte. Besteak beste Katixa Agirre idazleak maiatzaren 21ean Simonen Mimi (2003) filma aurkeztuko du. Zikloa amaitzeko, zuzendariak aukeratutako pelikula bat proiektatuko dute, Johan van der Keukenen Amsterdam Global Village.