Liburuaren aurkezpena otsailaren 4an izango da Bartzelonan, Patricia Herasek bere buruaz beste egitera bultzatu zuen atxiloketaren hamargarren urteurrenean. Crowdfounding kanpainan lortutako diruarekin liburua argitaratzeaz gain, aurkezpenak egin nahi dituzte poliziaren jazarpen kasuen berri emateko.
Patricia Herasen historia kontatzen du Ciutat Mortak. 2006an Bartzelonan okupatutako antzoki batean gertatutako istiluen harira bost pertsona atxilotu zituzten. Heras ez zen istiluetan egon; egun berean, ospitalean zela, beste pertsona batekin atxilotu zuten istiluetan parte hartu zuelakoan. Bi urte epaiketaren zain eta hiru espetxeratua pasatu ostean bere buruaz beste egin zuen 2011n kartzelako irteera batean.
Urte bete eman dute Helen Torres Patricia Herasen lagunak eta Patricia Herasekin batera atxilotu zuten Rodrigo Lanzaren amak eta arrebak liburu hau ekoizten. Bertan TV3ko dokumentalean kontatzen dutena moldatzen joan dira prozesuak izan dituen aldaketetara egokitzeko. Egileen helburua da 2006an Bartzelonan gertatutako hiriaren historiaren parte izatea.
Kroniken, dokumentuen eta elkarrizketen bidez 2006ko otsailaren 4ko muntaia xehatu dute egileek. Horretarako kasua bera, testuinguruaren analisia eta gertakariak izan zuen eragina landu dute liburuan. Instrukzio kasua, Espainiar Estatuaren torturak, kartzelako bizipenak, hiriaren gentrifikazioa, Bartzelona markaren inposizioa eta errepresioaren aurkako taldeek emandako babesa dira bildutako gaietako batzuk.