argia.eus
INPRIMATU
“Utzi Altsasu bakean” lemapean manifestazioa egingo dute larunbatean
  • Eskuin muturreko alderdiek herrian egin nahi dituzten ekimenei aurre egiteko antolatu dituzten mobilizazioen xehetasunak eman ditu Altsasuko Herri Batzarrak prentsaurreko batean.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko urriaren 30

Albert Rivera presidente duen Ciudadanosek eta VOX eskuin muturreko alderdiak PP-ren babesarekin azaroaren 4an Altsasun antolatu duten Guardia Zibilaren eta Espainiaren batasunaren aldeko ekitaldia, “probokaziotzat” kalifikatu dute Utzi Bakean Altsasu ekimeneko kideek eta herritarren artean adosturiko mobilizazioekin erantzun beharrean ikusi dute beren burua.

Ekitaldia gaitzetsi eta herrian ez direla ongi etorriak erakustea helburu duen erantzuna adosteko egin dituzten bileretan, bi deialdi desberdin finkatu dira. Batetik, Altsasuko ekitaldia nola edo hala atzera botatzen saiatzea, “Mila bira, mila kolore faxismoaren kontra” lemapean publikatu den kartelaren helburuarekin bat datorrena. Bestetik, bizilagun guztien partetik erantzun zabalago bat emateko, jai giroko egun herrikoi bat antolatzea ekitaldia gaitzesten dutela erakutsiz.

Asanbladan bildu eta erabaki denez, larunbatean, azaroak 3, manifestazioa egingo da herrian 17:30etik aurrera, "Utzi Altsasu bakean" lemapean. Bestetik, azaroaren 4an, "Eskubide eta askatasunen gunea" antolatu dute Iortia plazan. Goizeko 10:00etatik aurrera "festa giroan" aldarrikatuko dute herritarrek eta plazara aterako dituzte "datozen horiek zapaltzen dituzten eskubideak".