argia.eus
INPRIMATU
Ciudadanos eta Voxen arteko aliantzek burrunba sortu dute Eliseoan
  • Emmanuel Macronek ezin izan du Ciudadanos eta Vox-en arteko aliantza politikoak deus gertatuko ez balitz bezala pasatzen utzi. La Republique en Marche eta Ciudadanos alderdiek bat egiten dute hainbat ildotan, alabaina, ildoek eremu osoa ildokatu lezakete martxa honetan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko ekainaren 14a

Ciudadanos eta Vox alderdien arteko itunak gero eta ugari eta zabalagoak dira Espainiako Estatuan. Foru eta udalerrietako gobernuak osatzeko espainiar bi alderdien arteko akordioek Emmanuel Macron eta Albert Riveraren  alderdien arteko kooperazio politikoa kolokan jar lezakete. Eliseoa kezkatzen hasi da.   

Frantziako presidentziako arduradunak kezkatzen hasi dira: “Ciudadanos eta eskuin muturraren arteko plataformak nekez erraztu dezake talde zentrista berritu bat Europa Batasunean”, aditzera eman dute Eliseoko iturriek.

Ciudadanos eta Voxen politikak zalantzan jartzen ari dira espainiarren atxikimendua Europar Batasunarekiko. Hona, Frantziako mandatarien zenbait ohar:

– Euroren erreforma: Espainiako Estatuaren barruan gertatzen denari ezin zaio muzin egin, pasadizo bat balitz bezala hartu eta oharkabean pasatzen laga. Hain justu ere, Batasunean euroa une larriak pasatzen ari denean.

– Koherentzia ideologikoa: zentroko alderdi guztien arteko harmonia eta koherentzia atxiki ezean, zentroaren kohesioa pitzatuko da.

– Europako gaietarako ministroa Amélie de Montchalinek honela adierazi du: “Eskuin muturrarekin aliantza ez da aukera bat”.

Horiek horrela, halaber, zentroko eta eskuin muturreko espainiarren arteko aliantzek Emmanuel Macron eta Pedro Sanchez presidenteen arteko harreman onak narrastu ditzakete. Sanchezek Europaren aldeko konpromisoa zehaztu zuen hauteskunde kanpainan. Izan ere, Macronek eta Sanchezek Europako subiranotasunaren eta eraginkortasun ekonomikoaren gaineko ildoak partekatzen dituzte.