Kataluniako CiU eta ERC alderdiek gobernu akordioa erdietsi dute. Atzo itxi zuten hitzarmena Artur Mas presidenteak eta Oriol Junqueras ERCko buruak. Hainbat puntuk erabakitzeko eskubideari egiten dio erreferentzia. Bi alderdiek independentziari buruzko kontsulta 2014an egiteko konpromisoa agertu dute, data atzeratzeko aukera dagoen arren, biek ala biek egoki ikusten badute, bederen.
Akordioa gaur itxiko dute guztiz bi aldeek, Parlamentuan egingo duten agerraldian. Junquerasek atzo zioenez, badira lotu gabeko gauza batzuk, "baina ziurrenik gaur itxiko dira horiek ere". ERCko burua pozik agertu zen, independentziari buruzko kontsulta egiteaz gain, "politika sozio-ekonomikoetan aldaketak emango direlako".
Hain justu, "testuinguru sozio-ekonomikoak" esango du kontsulta egiteko data atzeratu egin beharko duten ala ez, akordioaren klausula batek jaso duenez. 2014an egiteko asmoa dute –Eskozian bezala–, baina aurrerago CiU eta ERC adostasun batera helduko balira, atzeratzeko aukera legoke. Hainbatek anbiguotzat jo du klausula hori, kontsulta atzeratuko lukeen "testuingurua" zein izango litzatekeen ez baitago argi.