argia.eus
INPRIMATU
CiU eta ERCren arteko akordioa eskatzeko mobilizazioak hasi ditu ANCk
  • Asamblea Nacional Catalanak (ANC) proposatutako Twitterreko etiketa, #AcordiEleccionsJa, mundu mailako trending topic bihurtu da astelehen gauean. Masi eta Junquerasi akordioa eskatu diote herritarrek, hauteskundeak aurreratu ahal izateko.

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 13a
Masi eta Junquerasi akordioa eskatu diote herritarrek, hauteskundeak aurreratu ahal izateko. (Arg: R. Moreno)

ANCk eltze jotzea deitu zuen astelehenean 21:30ean mezu berbera aldarrikatzeko, baina jarraipena “oso urria” izan da, Vilawebek jakinarazi duenez. Sare sozialetan, ordea, oihartzun handia eduki du akordiorako eskaerak.

ANCren asmoa bi ekintzak, eltze jotzea eta txioak, ostegunera arte mantentzea da, CiUren eta ERCren arteko akordiorik ez dagoen artean. Ostegunean akordiorik lortu ez badute, lurralde osoan elkarretaratzeak deituko dituela adierazi du ANCk.

Iganderako ere ezer adostu ez badute, “indar handiagoko mobilizazioak” iragarri ditu burujabetzaren aldeko mugimenduak.