argia.eus
INPRIMATU
CiU-ERC, ezinbestean
  • Artur Masek CiUren ohiko zalantzekin egin zion aurre irailaren 11ko manifestazioari. Azkenean, CiU egon zen eta Mas ez. Baina Masek ez zuen galdu nahi izan tren jendetsu hura eta baliatu nahi izan zuen bere indarra biderkatzeko. Helburu horrekin aurreratu zituen hauteskundeak eta sekulako danbatekoa jaso du. Gehiengo osoa helburu zuenak, 12 eserleku galdu ditu, politikaren mirari horietako bat gauzatuz: hauteskundeak aise irabazi, baina galtzaile handiena bilakatu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2012ko azaroaren 26a
Artur Masek porrot handia jaso du hauteskunde hauetan, handiegia berdin jarraitzeko.

Eta orain zer? Gobernua eratzea ez zen hauteskunde hauetako helburua eta CiUk bakarrik gobernatuko zuela uste zuen. Erreferenduma edo kontsulta antolatzea zen helburua, eta horretarako oraindik ere nahiko indar geratzen da: alderdi soberanistek 87 boto lortu dituzte eta unionistek 47. Gainera, oraingoan ez dago aitzakiarik, CiUk, ERCk, ICVk eta CUPek hauteskunde kanpainan argi esan dute estatu berri bat nahi dutela. Bloke horretan, halaber, indartsu esan dute ez dituztela Masen murrizketarik nahi, beste eredu bat nahi dutela.

Baina datorren gobernua ez da kudeaketa soilerako gobernua, independentziarako bidea prestatuko duena baizik. Hori saldu du Masek, hori ERCk, eta orain betetzea dagokie, teorian bederen. Masek, atzo gauean argi samar eskatu zion laguntza ERCri eta, independentzia helburu, honek oso gaitza du aukera hori ukatzea. Baina bai eska dezake murrizketa basatien etena. Horren epe motzean, askoz gehiagorako aukerarik ez du, ez dagoen lekutik ezin baita dirurik atera, eta Gobernu berriak, une honetan, ez du izango. Independentzia antolatzearen truke, murrizketen apo hori irentsi beharko du Junquerasek, pentsatuz urtebetean edo bitan erreferenduma –edo dena delakoa– antolatu ahal izango dela.

Independentziarako irailaren 11ko bide zabala, dena den, estutu egin da, eta Espainiak futbol zelaira jokalari gehiago atera ahala, estutzen jarraituko du. Oraingoz, alabaina, Kataluniak partidua irabazten jarraitzen du, hori ere argi ikusi da hauteskunde hauetan. Partiduaren bigarren zati honetan, gainera, independentistek Biltzarra eta udalak aterako dituzte berriz zelaira, eta hori asko da.