Enric Juliana La Vanguardiak Madrilen daukan korrespontsalak ostegunean idatzi du Código 11-9-11 izenburupean plazaratutako 73 kroniketan azkena. Kataluniako prozesua Madrildik nola ikusi den zorroztasun bereziz deskribatu du aurretik Erromatik aritutako kazetari beteranoak, berrikitan Podemoseko lider Pablo Iglesiasek La Tuerka saioan luze-zabal elkarrizketatu duenak.
Kronikaren izenburuak, Empapelando, gaztelania "castizo"-an egiten den mehatxu bati egiten dio erreferentzia: "Te voy a empapelar" esaten dizute agintariek amenazuka isuna jarri edo auzitara eramango zaituztela iragarriz.
Julianak famatu egin du "Brigada Aranzadi" kontzeptua, adierazteko Madrilek beti prest omen daukan Armadaren ondoan ("Brigada Acorazada Brunete") abokatu eta legegizonez betetako armada juridiko batekin pertsegitu duela Kataluniak independentziarako abiatutako prozesua.
Julianak ondo iragarri zuen joan den astean geopolitikak eta Espainia barneko egoera konplikatuak derrigortzen zutela Mariano Rajoy azkenean zirriztu bat uztera Artur Masek antolatutako galdeketa edo sasi-galdeketari, hasieran Madrildik mesprezatua baina azkenerako nola edo hala eragotzi nahi zutenari: ekonomiak ez du hobera egin espero bezala, azken eskandaluekin Espainian agintzen duen PP hankaz gora dago, Kataluniako indar politiko eta sozialek lortu dute ekaitzaren erdian batasunari eustea eta Espainiaren zorra ez pagatzea (sakrilegioa!) iragartzen duen partidu berri bat indartu da, Syriza berri baten mehatxua Europan...
Burujabetzaren aldeko indarrek igandeko galdeketa erraz gainditu ostean eta Artur Masek izar baten protagonismoa eskuraturik, Mariano Rajoyk erabaki du hein batean mimetizatu behar duela Masen jokaldia, hori dio Julianak. Alegia, Masek lortu duen bezala ahulduta zegoen CiUren gainetik bere inguruan korronte zabal bat artikulatzea, "el Partit del President" sasi-bataiatu dutena, Rajoyk nahiko lukeela nazionalismo espainola banderatzat harturik hilabeteotan PPk galdu duen protagonismo osoa beretzako hartzea.
Hemendik maiatzeko udal (eta leku askotan autonomiako) hauteskundeetarainoko bidea tunel luze batekin irudikatuz, Enric Julianak honela aurreikusi du joango dela Rajoyren estrategia hilabeteotan: "Tunelaren barruan urte erdi baino gehiagoz oihartzun eginen dute hiru ideiak bakar batean laburbilduta: "unidad", "unidad", "unidad". Batasuna alderdian. Batasuna Gobernuaren inguruan. Batasuna Espainiaren barruan.