argia.eus
INPRIMATU
CIAren dokumentu desklasifikatuak
“Gonzálezek mertzenario talde bat sortzea adostu du, ETA legez kanpo borrokatzeko”
  • AEBetako CIA Inteligentzia Agentziaren 1984ko hainbat dokumentu desklasifikatu dira eta bertan jasotzen dute "Felipe Gonzalezk adostu zuela mertzenario talde bat sortzea", ETAko liderrak legez kanpo hiltzeko.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 15

CIAren (AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren) dokumentu batzuk desklasifikatu berri dituzte eta hauetan 1980ko hamarkadako gerra zikina ikertu zuten. Desklasifikatu berri diren dokumentu horietako bat da Euskal terrorismoa eta gobernuaren erantzuna txostena, 1984ko azarokoa, hemen irakurgai.

La Razón egunkariak CIAren beste dokumentu desklasifikatu baten berri eman du. 1984ko urtarrileko txostena da hau eta zera irakur omen daiteke bertan: "Espainiako Gobernuak erabakia du ETArekiko estrategia ez oso ortodoxo bat erabiltzea". Zentsuratutako esaldi baten ostean jarraitzen du: "Gonzalezek mertzenario talde bat osatzea adostu du, ejertzitoak kontrolatutakoa, terroristei legez kanpo borroka egiteko". Zentsuratutako beste esaldi baten ostean, txostenak esaten omen du "mertzenarioek ez dute zertan espainiarrak izan behar eta beren misioa ETAk Espainian eta Frantzian dituen liderrak erailtzea da. GAL izeneko erakundea Gobernuak kontuan hartu dituen eskuadroien antzekoa da, izatez Frantzia hegoaldean sortu dena. GALek ETA-Mko bi aktibista ezagun erail ditu Frantzia hegoaldean eta Espainiako negozio gizon bat bahitu du Hendaian, honek terroristekin kolaboratzen zuela uste baitute".