argia.eus
INPRIMATU
CIAk Siriako oposizioa armatzeari utziko dio Trumpen aginduz
  • Donald Trump AEBetako presidenteak esan du bertan behera utziko duela Sirian Bashar Al-Assaden gobernuaren kontrako oposizioa armatu eta entrenatzeko CIAk zuen programa sekretua. Putinekin utzailean bildu eta gero hartu du erabakia Trumpek.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 20a
Puitin eta Trumpek G20aren ostean izan zuten bilera (Arg.:Reuters / Carlos Barria)

2013an Obamaren agindupean hasi zuen CIAk Siriako oposizioa armatu eta entrenatzeko programa, eta soilik lehen urtean 1.000 pertsona inguru entrenatu zituen. Programa hau bertan behera utziko duen arren, Estatu Islamikoaren kontrako borrokan laguntzen jarraituko duela onartu du Pentagonoak.

Errusiak denbora luzez eskatu du programa ezkutu hori bertan behera uzteko. Hain zuzen, uztaileko G20aren osteko Putin eta Trumpen arteko bilera eta gero hartu du erabakia AEBetako presidenteak. Errusiarekin hobe ulertzeko helburuz emandako urratsetako bat da Washington Post-en ustez.

Siriako gerra zibila 2011ko martxoan hasi zen Assaden kontrako protesten ostean oposizioa armatu eta islamismo erradikalak, gerora Estatu Islamikoa bihurtuko zenak, presidentea kargutik botatzeko helburua bere gain hartu zuenean.

Gatazka geoestrategiko handia eragin du lurraldean, izan ere, AEBak hasieratik izan dira Assaden gobernuaren kontra, eta Errusia eta Txina alde. Trumpek orain hartu duen erabakia Assad gobernutik botatzeko duen gaitasun faltaren isla izan daiteke, Washington post-en arabera.