argia.eus
INPRIMATU
Chivitek Foru Hobekuntzaren erreforma bultzatuko du trafiko eskumena edukitzeko
  • 1982an onartu zuten Nafarroako Foru Hobekuntza, eta bi aldiz baino ez dute erreformatu.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 22a

Chivite lehendakariak esan du Foru Hobekuntza aldatuz eskuratuko duela Nafarroak Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren eskumena. Espainiako Gobernuak errege dekretu bidez egindako transferentzia bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak astelehenean, otsailaren 19an, eta bi aukera zabaldu ziren trafiko eskumena Nafarroak bere gain har dezan: lege organiko bat onartzea edo Nafarroako Foru Hobekuntza erreformatzea.

Bigarren aukera horren alde egin du: “Datorren asteazkeneko Gobernu Bilerara akordio bat eramango dugu, Foru Hobekuntza erreformatzeko egitasmoa martxan jartzeko. Hala jakinaraziko diogu formalki Espainiako Gobernuari”.

Negoziazio batzordea

Gobernu akordio horretan negoziazio batzorde bat sortuko da. Bertan izango diren hiru ordezkari Nafarroako Gobernuaren presidenteordeak Felix Taberna (PSN), Ana Ollo (Geroa Bai) eta Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa) eta Presidentetzako zuzendari nagusi Joseba Asiainek (PSN) osatuko dute. Espainiako Gobernuarekin akordatu beharko dute zein testu erabiliko duten legezko aldaketa bat egiteko eta ondoren Gobernu bilkuran onartu beharko da. 

Bestetik, adierazi du Espainiako Gobernuarekin adostu beharko dutela testuaren aldaketa: Nafarroako gobernu kontseiluak onartu beharko luke testua, eta, ondoren, parlamentuak. Ondoren, testua lege organiko moduan eztabaidatu beharko dute Espainiako Gorteek, eta onartu.

“Nafarroako autogobernua zabaltzeko borondatea du Gobernu honek", berretsi du Txibitek. Lehen unetik Espainiako Gobernuarekin harremanetan izan direla jakinarazi du eta bi aldeek borondatea erakutsi dutela "eskumena Nafarroara ekartzeko”.