Euskararen dekretua onartuta ez egotearen ondorioa dela dio Nafarroako lehendakariak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak euskararen ezagutzari ematen zaion balioa berrikustea eskatu dute parlamentuan. 424 erizain posturako lan eskaintza publikoa (LEP) zabaldu berri du Nafarroako Gobernuak.
Euskararen ezagutza aintzat ez hartzeak –eta, aldiz, ingelesa, alemana edo frantsesa bai– haserrea piztu du Nafarroan, eta Nafarroako Gobernuko presidente María Chivitek adierazpenak egin ditu zergatia azaltzeko: “Euskararen dekretuarekin du ikustekoa, eta oraintxe bertan barne tramitazioko prozesuan da oraindik ere”. Aurreko legegintzaldian onartutako euskararen dekretua bertan behera dago auzitegien ebazpenen ondorioz.
Euskararen aurkako erasoa
Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak LEPa berrikusi dadila eskatu dute parlamentuan. EH Bilduk “erokeriatzat” jo du euskarari baliorik ez ematea, Ezkerrak “izugarrikeriatzat”. Navarra Sumak ez du arazorik ikusi deialdian.
Euskalgintzaren Kontseilua argi mintzatu da azken lan eskaintza horren aurka, baina baita oro har Nafarroako Gobernuak garatzen ari duen hizkuntza politikaren aurka ere. Gobernua hizkuntz eskubideak “behin eta berriro” ari da urratzen, Kontseiluaren ustez, deialdi honetan zein LEP gehiagotan ere. Gogoratu du 2.000 urtean hasi zela UPNren gobernua LEPetan euskarari baliorik ez ematen, eta egungo gobernuak bide berdinetik jarraitzen duela salatu du. Kontseiluaren ustez euskararen dekretu berria beharrezkoa da, baina hizkuntz eskubideak bermatzea izan beharko luke bere funtzioa, eta, aldiz, susmoa du aurrerapausoa baino gehiago “atzerapausoa” izango dela.