Dagoeneko kargu politikoak izendatuta, Nafarroako Gobernuak ekin dio legealdi berriari. Euskararen ardatza dela eta, gobernurako hitzarmen programatikoa leituta, guztiz eskasa eta hutsala da. Aurreko legealdiaren amaieran, alderdi abertzaleek eta Zurekin Nafarroak ausardia falta aurpegiratzen zioten Chiviteri. Ez gaude ados. Izan ere, Chivitek eta PSNk ausart jokatu zuten euskaldunon eskubideen aurka. Hala ere, legegintzaldi berriari begira, batzuek ulertu nahi izan genuen alderdi abertzaleek eta Zurekin Nafarroak euskaldunon eskubideen alde ere ezarri nahi zutela oinarriren bat, baina ez. Hitzarmenean ahuleriaz eta utzikeriaz jokatu dute. PSNk marra gorriak PPk eta UPNk bezain argi ditu eta horiek nagusitu dira, ondorioz, hitzarmena batere zehaztasunik eta baliorik gabeko hitz multzoa besterik ez da.
Euskara Nafarroako jatorrizko hizkuntza da, nafar guztion ondarea eta Nafarroa osoan erroak dituena. Milaka nafar gara euskararen alde eta euskaraz bizitzeko erabakia hartua dugunak, nafarrak eta euskaldunak garelako.
Batzuek uko egiten diote euskarari. Tamalgarria! Euskararen Legea onartu zela 40 urte eginen badira ere, uko egiten diote ikasteari. Horrela, zerbitzu publikoetan euskara baloratzen bada, euskaldunak “pribilegiatuak” omen. Euskaldunoi ukatu egiten digute administrazioarekin euskaraz egiteko dugun eskubidea. Haientzat gaztelania hegemonikoa da. Hizkuntza hierarkia ezartzen dute eta euskaldunon eskubideak bortizki zapaltzen dituzte. PSN horien artean dago, eta PP eta UPN baliatzen ditu diskriminazio hori iraunarazteko. Guztiz ideario politizatua eta uniformizatzailea du, PP-VOXetik gertuago, Valentziako edo Balearretako PSOEtik baino. Euskarari uko eginda, ezikusiarena egiten digu euskaldunoi. Agintean den lekuetan trabak jarri eta euskaldunon eskubideak murriztu eta zapaldu egiten ditu hutsik egin gabe. Hori horrela, inbestidura hitzaldian Chivitek erabilitako hitzak “pluraltasuna, berdintasuna eta bizikidetza” euskaldun askorentzat gezurretakoak eta demagogikoak dira, txiste sarkastiko samarra.
Nafarroako hirugarren legealdian, ustez euskaltzaleak gobernu arduretan edota babesa ematen ari direla, ez dugu urrats bat bera ere aurrera egin euskaldunon eskubideak betearazteko eta bermatzeko, alderantziz baizik
Euskaldunon aurkako gurutzada gogorra izan zen frankismoan. Gero, loralditxo baten ondoren, UPN-PSN gobernuen neurri murriztaileak eta zorrotzak jasan genituen. Orain, hirugarren legealdian ustez euskaltzaleak gobernu arduretan edota babesa ematen ari direla, ez dugu urrats bat bera ere aurrera egin euskaldunon eskubideak betearazteko eta bermatzeko, alderantziz baizik. Benetan, ulergaitza! Nonbait, alderdi abertzale eta Zurekin Nafarroarentzat euskara folklore mailan gelditzen da, botoak eskuratzeko marketinean. Baina milaka nafarrentzat euskara gure nortasunaren ezaugarri ezinbestekoa da.
Hori horrela, nafar euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza zapalketa demokratikoki onargarria ez delako, gobernu eratu berriaren lehen ehun egunetan argibideak ikusi beharko lirateke egoera tamalgarri eta diskriminatzaile hau gainditzeko bidean. Alderdi abertzaleek eta Zurekin Nafarroak euskaldunokiko begirunez eta zuzentasunez jokatu nahi badute, honako premiazko neurri hauek exijitu behar dituzte:
Horiek oinarrizko neurriak dira, Nafarroako Gobernua nafar euskaldunon eskubideak errespetatzen hasiko bada. Horiei PSNk ezetza emanez gero, alderdi abertzaleei eta Zurekin Nafarroari jokabide duina eta koherentea galdatzen diegu.
Erkuden Barandiaran Goñi eta Aingeru Mikeo Azpirotz, Sakanako Altxa Burua euskaltzaleen sareko kideak