argia.eus
INPRIMATU
‘Chineo’-aren abolizioa eskatu dute Argentinan, ume eta emakume indigenen bortxaketa normalizatua
  • Kreoleek ume eta emakume indigenak bortxatzea da chineo-a. Hego Amerikan, batez ere Argentinako iparraldean ematen da kolonizazio garaitik.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 06a
Chineoa abolitzeko manifestazioa Argentinako Parlamentu parean. Argazkia: Jose Emilio Alegre, Facebook.

Hainbat testigantza eman ziren maiatzaren 22an egindako elkarretaratzean. 250 indigena inguru bertaratu ziren pairaturiko bortxaketei buruz hitz egiteko. Audientzia bat eskatu zioten Alberto Fernández Argentinako presidenteari, eskuz eman nahi ziotelako puntuz puntu prestatu zuten idazkia, chineoa ekiditeko eta haren abolizioa lortzeko.

Idazkian hainbat proposizio egin zizkioten Argentinako Gobernuari, haien artean komunitateen arteko laguntza-sare bat sortzea, auzibiderako espazioak sortzea. Premiazko ekintzak ere planteatu zituzten: Estatuari ultimatum bat ematea, adibidez, kasu askotan erakundeen konplizitatea duten bortxaketei amaiera eman diezaieten.

Kreoleak Europan jaio ez baina europar gurasoak dituen pertsonak eta haren ondorengoak dira.

Biktima gehienak, umeak

Chineoa 2015etik aurrera eman zen ezagutzera gehiago. 12 urteko Wichí ume bat zortzi kreolek bortxatu zutenean. Wichí indigena etnia bat da. 12 urteko umeari Juana izena jarri zitzaion, bere izena jakin ez zedin baina gertatutakoa zabaltzeko. Sententzia 2019ko hasieran eman zen eta seik 17 urteko kartzela-zigorra jaso zuten.

Mujeres Indigenas por el Buen Vivir mugimenduak chineoak bizirik jarraitzen duela salatu du behin baino gehiagotan. 2020an, kanpaina baten parte den bideoa argitaratu zuten, bertan hainbat testigantzei ahotsa eman zien. Kanpaina #BastaDeChineo traola erabiliz zabaldu zuten.

Chineo hitza kolonizazio garaian sortu zen. Izan ere, gizon zuria Amerika inbaditzen hastean, bertakoek begi urratuak zeuzkatela ikusi eta “chino” deitzen zituzten indigenak. Horregatik du hitzak karga matxista, patriarkala eta arrazista.