argia.eus
INPRIMATU
Chillida Leku berriz irekiko dute, artistaren familiak Suitzako enpresa batekin akordioa lortu ondoren
  • Hauser & Wirth galeria suitzarrak Eduardo Chillidaren familiarekin adostu du artistaren nazioarteko ordezkaritza kudeatzea eta Hernanin kokatua dagoen museoa berriz irekitzea.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko abenduaren 01
2018an irekiko ditu berriz ateak Chillida Leku museoak (argazkia: Esteban Chiner).

Hauser & Wirth galeriak publikatu duen komunikatuan zehazten denez, 2018an irekiko dute berriz baserri-museoa Suitzako enpresaren "babes eta gidaritzapean". Chillida Lekurentzat eredu "berri eta jasangarria" garatuko dutela azaldu dute.

Argitaratu denaren arabera, Hauser & Wirthek esklusibotasuna edukiko du Chillidaren obraren nazioarteko ordezkaritzan.

"Nire aita hil zenetik lan egin dugu haren ondarea babesteko eta abian jarri ditugu hainbat proiektu eta erakusketa tarte honetan. Argi geratu zitzaigun hurrengo funtsezko urratsa zela galeria bat bilatzea ardura horretan laguntzeko", esplikatu du Luis Chillida eskultorearen semeak. "Hauser & Wirth aukera argia izan da ondarearekin duten esperientzia handiarengatik".

Akordioaren atal ekonomikoari buruzko argibide zehatzik ez du eman ez galeriak, ez familiak.

Chillidaren oinordekoek eta euskal instituzioek urteak zeramatzaten museoa berriz irekitzeko hitz egiten, emaitzarik gabe. Bi iltze aurkitu ditu negoziazioak orain arte: finantzazioa eta kudeaketa eredua. Eusko Jaurlaritzak 2014an txosten bat eskatu zion Lord Cultural Resources kontsultorari, jakiteko zenbateko aurrekontua beharko litzatekeen museoa martxan mantentzeko. Txostenaren arabera, urtean 400.000 euroko gastua dauka Chillida Lekuk.