Eduardo Chillida eskultoreak Fuerteventurako (Kanariar Uharteak) Tindaya mendia hustuz “artelan” bat egiteko asmoa izan zuen. Bazirudien proiektua bertan behera geratua zela, baina irletako gobernuaren asmoek eta Chillidaren familiaren bultzadak obra erraldoia berriz mahai gainean jartzea ekarri dute.
Diagonal egunkariko Maria Jose Esteso Povesek erreportajea argitaratu du gaiari buruz azken zenbakian. Bertan elkarrizketatu duen Jose de Leon arkeologo eta ekologistak adierazi du “hauteskunde arrazoiak” daudela proiektua berpiztearen atzean.
PSOEk eta Coalición Canariak gidatutako gobernuak uste du “botoak ematen dizkiela” proiektu honek, “nahiz eta dagoeneko demostratuta dagoen Tindaya egitea ezinezko dela”.
Kubo huts bat
50 metroko kubo hutsa zen Chillidaren proiektua. 1980ko hamarkadan izan zuen ideia euskal eskultoreak, berak esan zuenez, Jorge Guillenen lerro batek inspiratuta (“sakonena airea da”). Beste hainbat lekutan bila aritu ondoren, Fuerteventurako mendia jo zuen proiektua egiteko leku egokitzat.
Kanariar Uharteetako gobernuak oso harrera ona egin zion, 1996an interes orokorreko proiektutzat jotzeraino. Kontrako ahotsak ere ez ziren gutxi izan ordea, eta obrak eten egin ziren.
“Tolerantziari” eskainitako monumentua izan behar zuen mendiak, baina Chillida ez zen predikatzen zuen horrekin oso bat agertu obra faraonikoa eteteko eskatzen zutenei buruz hitz egitean. 1999an zera adierazi zuen: “Tindaya geldirik dago arteaz hitz bat ez dakiten alproja eta ezjakin batzuen erruz. Tindaya egin egingo da, nik ikusi ez arren”.
Ba, 2002an hil zen Chillida eta proiektua epaitegietan geldirik dago oraindik, alprojak, azken finean, hain ezjakinak ez ziren seinale. Gainera, obra hasi gabe ere, 30 milioi euro gastatu dira dagoeneko Diagonalen arabera.
Zertarako zulo hori?
Artearen aitzakian mendian meatzaritza-lanak egin nahi izatea leporatu diote uharteetako ekologistek proiektua berriz martxan jarri nahi dutenei. 2011ko urtarrilean jakinarazi zuen Paulino Rivero presidente kanariarrak obrari ostera ekiteko akordioa sinatu zutela Chillida familiarekin.
Eskultorearen familiak proiektuarekin daukan tema nabarmendu du Jesus Giraldezek. Tindaya, el poder contra el mito liburuaren egilea da eta bere esanetan Chillida-Leku itxi zutenetik –galerak izaten ari zen Hernani kanpoaldean kokatutako museoa– berpiztu da eskultorearen oinordekoen interesa.
Obraren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten datuak ez dira gutxi ordea. Urtean 100.000 lagunek ordaindu beharko lukete 30 euroko sarrera bat 50 urtez lanen hasierako aurrekontua ordainduko bada.