argia.eus
INPRIMATU
Chiapasko irrati estazioak sendotzeko proiektua babestu du Iurretako Udalak
  • Iurretako Udalak, Lumaltik Herriak Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako erakundearen bidez, Mexikoko Chiapas estatuan garatzen ari diren  irrati indigenen proiektua babestuko du.

Anboto @anboto 2017ko otsailaren 07a

Udal arduradunek azaldu dutenez, “Chiapas estatuan erresistentzia egiten ari diren herri indigena zapatisten irrati estazio komunitarioen sarea sendotzeko” proiektua babestuko dute. Herrialdeak garatzea lortzeko eta baldintza sozialak hobetzeko, herrialde behartsuenen garapenagaz elkartasun konpromisoa mantentzea helburu duela gaineratu dute udal ordezkariek.

Irratietan hobekuntzak

Chiapasko FM irrati estazioko 12 kabinen instalazio elektrikoa hobetzea izango da egitasmo honen ardatzetako bat. Izan ere, korronte elektrikoaren ezegonkortasunagatik eta tximisten deskargengatik ekipoek akatsak dituzte. Era berean, ekimen honen bidez, 20 emakume teknikari irrati estazioak konpontzeko trebatu gura dituztela azaldu dute.

Proiektua elkarlanean

Kalkulatu dutenez, proiektuaren aurrekontua 85.909,42 eurokoa da. Memoria Viva tokiko elkarteak gainerako 80.931,50 euroko ekarpena egingo du.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra