argia.eus
INPRIMATU
Cheikhounak botako du sanferminetako “txupinazo herrikoia”
  • Herri Sanferminek antolatu dute txupinazoa, Iruñerriko "kultur aniztasuna aldarrikatzeko". Egitarau zabala aurkeztu dute "herritarrak protagonista" dituen "bestelako jai eredua" sortzeko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko uztailaren 04a
Herri Sanferminak taldeko kideak, gaur goizeko prentsaurrekoan.

Egun eta erdi baino ez da falta sanferminak hasteko, txupinazoa bota eta bederatzi egunez bestari ekiteko. Horregatik, egitaraua eta guneak aurkeztu dituzte Herri Sanferminek, bai eta "herri txupinazoa" nork botako duen ere: Txantreatik kanporatu nahi duten Cheikhounak piztuko du suziria, uztailaren 6an bertan, 14:30ean, Errekoletak plazan. "Kultur aniztasuna aldarrikatzea" da txupinazoaren xedea, aniztasuna baita, "gainerako baloreekin batera", herri sanferminen "lan ildoetako bat". Cheikhounaren kasuak hautsak harrotu ditu, eta, horren aurrean, Atzerritarren Legea onartuko ez dutela adierazi dute Herri Sanferminetako ordezkariek.

Auzolana erdigunean

"Masifikatutako" sanferminen aurrean, eta kontsumismoari eta eraso matxistei aurre egin nahian, "bestelako jai eredua" aldarrikatu dute: "hurbila, auzolanean eraikia eta herritarrak protagonista izango dituena". Hori guztia, urte osoan landutako baloreak ardatz: "feminismoa, ekologia, parte hartzea, aniztasuna, kultura, euskaltzaletasuna, antikapitalismoa, auzolana...".

Jantoki ekologikoa, martxan

Horrez gainera, bertako produktuekin hornitutako jantoki ekologikoa prestatu dute eta menuak, ogitartekoak, errazioak, pizzak eta hamarretakoak emanen dituzte.

Berrikuntza: herri olinpiadak

Okojoko herrikadak izeneko herri olinpiadak aurkeztu dituzte, "mota askotako probez" osatuak. Hilaren 8an,10ean,11n eta 12an izanen dira, arratsaldez, "zezenketen alternatiba" izateko helburua dutelako. 7ko herri bazkarian eginen dute taldeen aurkezpena eta 14an, berriz, sari banaketa.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra