argia.eus
INPRIMATU
Jorge Gonzalez
“Che Guevararen gorpua aurkitzea nazioarte mailako kasua zen”
  • Jorge Gonzalez, Habanako Unibertsitateko Mediku Zientzietako Errektorea, EHUren Udako Ikastaroetan izan da Donostian. Che Guevararen gorpua aurkitu zuen Gonzalezek, eta bilaketaren nondik norakoak kontatu ditu. 

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 20a
Che Guevararen kasuak nazioarteko garrantzia zuen, izaera \"humanitario eta historiko\" berezia zuelako (argazkia: mirror.ko.uk)

Pazientzia handiko lana izan zen gerrillari ezagunaren gorpuaren bilaketa, errektoreak adierazi duenez. “Operacion Tributo” delakoak muduko toki ugaritan hildako 2.000 kubatarren aberriratzea ekarri zuen. Gehienak zibilak ziren: mehatzariak, nekazariak, medikuak, ingeniariak edota irakasleak, eta haien artean Afrikan borrokan aritutako militarrak ere bai.

Che Guevararen kasuak nazioarteko garrantzia zuen, izaera “humanitario eta historiko” berezia zuelako. Gorpuen bilaketak ez ziren pertsona horien gradu militar edo ospearen araberakoak izan, ordea: “Gure misioa lurperatutako pertsonak aurkitzea da, pertsona horiek edozein direla ere”, adierazi du Gonzalezek.

Kazetari askok gerrillariaren gorpua aurkitu ondoren alde egingo ote zuten galdetzen zieten. Beraiek argi zuten gorpu gehiagoren bila jarraituko zutela lanean.

Ikerketaren zailtasun nagusia gorpuak elkarrengandik oso sakabanatuta egotea izan zen. 23 tokitan zeuden, eta geografikoki eremu nahiko konplexuan. Bilaketa zaila izan bazen ere, Guevararen identifikazioa egitea oso erraza izan zela adierazi du Gonzalezek: “Ez nuen inoiz hainbeste datu geneuzkan gorpu baten identifikazioan lan egin: hortzen erradiografia genuen, baita moldea ere”.

Identifikazio fitxak biltzen ez zuen xehetasunik bazegoen, ordea: Cheren besoen mozketa adibidez. Irakasleak azaldu du CIAk gerrilariaren heriotza egiaztatzeko hatz-markak nahi zitutela, eta horretarako besoak moztu zizkiotela gorpua lurperatu aurretik.

Egun, Santa Clarako mausoleoan daude Che Guevararen gorpua eta besoak, gainontzeko borrokalarienekin batera.