argia.eus
INPRIMATU
Charlie Hebdoren aurkako atentatuaren epaiketa hasi da
  • Bost urteko ikerketaren ostean, Parisko Epaitegi Judizialak ustez erasoan lagundu zuten hamalau lagun epaituko ditu. Bien bitartean, adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida berpiztu da Frantziako Estatuan.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 03a
Parisko kaleak 2015eko erasoan. Argazkia: Wikimedia Commons

Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatu jihadistaren epaiketa hasi da asteazken honetan Parisen, elDiario.es hedabideak jakinarazi duenez. Frantziako Estatuan azken urteetan astinaldi handiena eragin duen gertakarietako bat izan da 2015eko erasoa, eta egun haiek gogora ekartzearekin batera, adierazpen askatasunaren auzia atera da eztabaida publikora.

Hamazazpi pertsona hil zituzten guztira, eta Parisko Auzitegi Judizialak ustezko hamalu konplize epaituko ditu delitu horretan zeharka parte hartzea leporatuta.

Sarraskiak

Cherif eta Saïd Kouachi anaiek Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren erredakzioa eraso zuten Parisen, 2015eko urtarrilaren 7an. Bi minutu eskasetan hamabi pertsona tirokatu zituzten, tartean aldizkariko zuzendaria eta marrazkilari batzuk. Aldizkariak Mahomaren karikatura bat egin zuela-eta erasotu zuten. Tiroketaren ondoren, Paristik ihes egin zuten. Hiritik 90 bat kilometrora aurkitu zituzten, eta poliziak bi egun beranduago hil zituen, noren aginduetara zeuden ikertzeko aukera oro ezabatuz.

Erasoak ez ziren hor geratu ordea. Urtarrilaren 8an eta 9an, Kouachi anaien konplizea zen Amedy Coulibayk haien lekukotza hartu zuen. Jihadistak udaltzain bat hil zuen Monrougen, Paris hegoaldean. Horrez gain, produktu juduen supermerkatu batean lau lagun hil zituen. Kasu horretan ere poliziak Coulibay hil egin zuen, Kouachi anaiak bezalaxe.

Epaiketa

Frantziako Justiziak ustezko konplizeak epaituko ditu, atentatuak antolatzen lagundu izana egotzita. Hamalau akusatuetatik hamaika baino ez dira eseriko aulkian: beste hirurak desagertuta daude, eta 2018ko martxotik dago indarrean horiek bilatzeko eta atxilotzeko agindu internazionala. Maila desberdinetan atentatuetan konplize izatea eta erakunde terrorista kriminalean parte hartzea leporatzen zaie. Balizko zigorrak hamar eta hogei urte artekoak edota biziarteko kartzela-zigorra dira.

Epaiketa asteazken honetan hasi da eta azaroaren 10ean amaituko da, segurtasun eta osasun neurri zorrotzen pean. Parisko Auzitegi Judizialak 144 lekuko hartuko ditu, horien artean, bizirik atera direnak eta biktimen senideak. Halaber, 94 abokatu, 90 hedabide akreditatu eta 200 alderdi akusazio partikular gisa aurkeztu dira.