argia.eus
INPRIMATU
“Charlie Hebdo”-ren aurkako atentatuaren epaiketa udazkenera atzeratu dute
  • Maiatzaren 4an hasi eta uztailaren 10era bitarte egitekoa zen. Epaitegiko lehen auzialdiko presidenteak adierazi du ez dagoela baldintza egokirik horretarako, osasun krisia dela-eta.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 31
Atentatuaren ondorengo elkarretaratzea, "Charlie Hebdo" aldizkariaren oroimenez. Argazkia: Yves Tennevin.

Joan den astean jakinarazi zuen epaitegiko lehen auzialdiko presidenteak osasun baldintzak ez direla behar luketen modukoak epaiketa abiatzeko, eta data berria jarri du: irailak 2. Epaiketa azaroaren 10era arte luzatuko litzateke.

2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren, Parisko Hyper Cacher saltokiaren eta Montrouge-ko udaltzain baten aurkako erasoak egin zituzten. Hamazazpi lagun hil zituzten hiru eraso horietan. Poliziak hiru erasotzaile hil zituen.

Hamalau susmagarrietatik hiru atxilotzeko agindua dago eta uste da erasoak baino egun batzuk lehenago alde egin zutela Siriara. Gainerako susmagarriak atxilotuta daude. Akusazioak larritasun maila bat baino gehiagokoak dira: hilketa terroristan konplize izatea, kriminal terroristekin aritzea, eta kriminalekin aritzea.