Cecilia Malmström Europako Barne komisarioak “kezka larria” azaltzen duen gutuna iritsarazi dio Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroari. Hamabost pertsona hil ziren hilaren 6an Ceutan, eta gertakari hauetan Guardia Zibilak izan zuen esku-hartzea argitu dezan eskatu dio.
“Guardia Zibilak Ceutan izan zuen jokaerak sortzen didan kezka larria azaltzeko idazten dizut” adierazi du Barne komisarioak gutunean. “Indarraren erabilerari dagokionez, muga babesteko gomazko piloten erabilera justifikatzen duten arrazoiak eta haien balizko ondorioak azaldu ditzazun eskatzen dizut”, gehitu du Malmströmek.
Ikerketa amaieraraino iritsi behar da
Europar komisarioak Gobernuz kanpoko Erakundeen bertsioa aintzakotzat hartu du. “Alegazio horiek ikerketa osoa eta zorrtza” eskatzen dutela azpimarratu du, gertakari larrien eragileak zein izan ziren argitu dadin.
Malmströmen esanetan, “operazio mota horretako indarkeriaren erabilera eta etorkinak prozedurarik gabe Marokora itzuli izana baieztatzen duten akusazioak aztertu” beharko lituzke ikerketak.
Barne komisarioak Fernandez Diazi gogorarazi dio “ezinbestekoa dela pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatu eta giza duintasuna bermatzea” Europako herrialdeen mugetako kontroletan.
Rajoy: “Guardia Zibilaren jokabidea ez da susmagarria”
Espainiako Gobernuko presidenteak ez zion orain arte erreferentziarik egin Ceutako kasuari, Senatuan egindako agerraldian hartu du lehenengoz hitza, Marcelino Iglesias PSOEko bozeramaileari erantzuteko, honek “guardia zibilek agindua jasota bakarri egiten dutela tiro” baieztatu duenean.
“Badirudi azkenaldi honetan sektore zehatz batzuek Guardia Zibila nik ez dakit ze jokabideren erantzuletzat jo nahi dutela, eta ni horren aurka nago guztiz”, adierazi du Rajoyk.
Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten buruak poliziaren papera “defendaezina” dela azpimarratu duenean, Fernandez Diazek erabili zuen desbideratze estrategia berdinaz baliatu da Rajoy. Presidenteak gogorarazi du 2005ean PSOEren agintaldian antzeko eztabaida egon zela.
Orduko hartan Guardia Zibila susmagarritzat jotzea baztertu omen zuen PSOEko “ordezkari entzutetsu” batek Kongresuan.