argia.eus
INPRIMATU
CETA hitzarmenaren zatirik handiena indarrean da, europar parlamentu guztiek oraindik berretsi ez badute ere
  • Eurolegebiltzarrak joan den otsailean eman zion onespena Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko itunari (CETA). Hitzarmena mistoa denez, erabat indarrean sartzeko EBko estatu kide guztietako parlamentuek bozkatu behar dute haren alde. Hala ere, hitzarmenaren zati handiena –teorian estatuen burujabetzari eragiten ez diona– indarrean da irailaren 21etik.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 21a

CETAren aurka kanpainan diren taldeek kritikatu egin dute estatu kide guztiek momentuz berretsi ez arren ituna ia osorik martxan jarri izana. Gainera, gogorarazi dute Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak oraindik erabakitzeke duela CETA zuzenbide komunitarioarekin bateragarria ote den.

Euskal Herriari dagokionez, Espainiako Estatuak nahiko aurreratua du CETA onartzeko tramitea: ekainean eman zion argi berdea Diputatuen Kongresuak, eta Senatuaren berrespena baizik ez da falta (ez da ezusterik etorriko alde horretatik). Frantziako Estatuan, berriz, gobernuak izendatutako aditu batzorde bat ari da uztailetik CETAk izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketa egiten. Berriki esan dutenez, Kanadarekiko akordioak inpaktua izan dezake ingurumenean eta herritarren osasunean, besteak beste.