argia.eus
INPRIMATU
CETA hitzarmenaren aurkako ekintzak egingo dituzte asteburuan
  • Kanada eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko hitzarmenaren (CETA) aurkako mobilizazioak egingo dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan asteburuan hasita eta astelehenera bitarte. Modu horretan, CETAren aurkariek protesta egin nahi dute datozen asteetan Espainiako Legebiltzarrak itunari emango dion berrespenagatik.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 02a
Maiatzaren 18an Donostian CETAren aurka egindako protesta ekintza (Arg.: Gipuzkoako TTIP Ez)

Europako Legebiltzarrak otsailean onartu zuen Kanada eta EBren arteko akordio komertziala, baina erabat indarrean sartzeko Batasuneko parlamentu guztiek eman behar diote orain onespena. Espainiako Estatuari dagokionez, prozesua hasita dago jadanik Diputatuen Kongresuan, eta ekain amaierarako burututa egon liteke berrespena.

Ekainaren 20rako programatuta dago, Kanpo Gaietarako Batzordearen barruan, CETAren onarpena ekarriko lukeen diktamena egiteko saioa. Baliteke hurrengo astean, hilaren 29ko osoko bilkuran, berrespenari forma juridikoa emango liokeen lege proiektua onartzea. Hala balitz, irailean Senatura joango litzateke legea.

Ganbera batean zein bestean ituna berretsiko dela aurreikusten da, gehiengo batek haren aldeko jarrera agertu baitu nabarmen. Euskal ordezkarien artean Podemosekoek eta EH Bildukoek baino ez dute bozkatuko aurka.  

Espainiako Estatu osoan deitu dute asteburuan CETAren kontra mobilizatzera. Euskal Herriari dagokionez, larunbatean elkarretaratzeak egingo dituzte Donostian (13:00etan Gipuzkoa Pazan) eta Iruñean (12:30ean Gobernu Zibilaren parean), eta kalejira Bilbon, 12:30ean Jesusen Bihotzetik abiatuta.

Gasteizen ekainaren 5ean (astelehena) egingo da elkarretaratzea, goizeko 11:00etan Eusko Legebiltzarraren aurrean. Barruan Europako Gaietako eta Kanpo Ekintzako Batzordea bilduko da 11:30etatik aurrera, Valoniako parlamentuko kide Hélène Ryckmansen agerraldia entzuteko. Agerraldiaren xedea da azaltzea zergatik agertu zen Valoniako Parlamentua CETA izenpetzearen aurka hasiera batean, eta zer baldintza adostu zituen Belgikako Gobernuarekin azkenean akordioa izenpetzeko.