argia.eus
INPRIMATU
CETA hitzarmena berretsi du Espainiako Diputatuen Kongresuak
  • Espainiako Parlamentuak berretsi egin du Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza askeko ituna (CETA), PP, Ciudadanos, PDeCAT eta EAJren aldeko botoekin. PSOEk jarrera aldatu du Pedro Sanchez idazkari nagusia hautatzeaz geroztik; oraintsu arte hitzarmenaren alde agertu da, baina ekainaren 29ko bozketan abstenitu egin da, aurreko egunetan iragarri legez. Gainerako alderdiek aurka bozkatu dute.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko ekainaren 29a
PP, Ciudadanos, EAJ eta PDeCATek bozkatu dute CETAren alde Diputatuen Kongresuan. (Arg.: Mexikoko Errepublikaren Presidentzia-CC By)

Europako Legebiltzarrak otsailean argi berdea eman eta gero, EBko estatu guztiek banan-banan onetsi beharko dute CETA oso-osorik indarrean sar dadin (zati batzuk indarrean sartzeko aski da Eurolegebiltzarraren berrespena). Espainiaren kasuan ez da ustekabekorik izan, eta hitzarmenaren aldeko jarrera gailendu da. Senatuaren tramitea gainditzea da azken urratsa, baina are sorpresa gutxiago espero liteke alde horretatik, PPk gehiengo absolutua baitu ganberan.

Azken egunotan hizpide izan da PSOEk baiezkotik abstentziora egindako jarrera aldaketa. Sozialisten zuzendaritza berriak argudiatu du alderdi negatibo ugari ikusten dizkiola CETAri, baina ez duela ezetz bozkatuko merkataritza multilateralaren eta behar bezala erregulatutako globalizazioaren alde dagoela argi uztearren. Edozein kasutan, PSOEren ezezkoa ez zen nahikoa izango espainiar Diputatuen Kongresuaren berrespena geldiarazteko.   

Euskal Herrian CETAren aurkako ekintzak

Hitzarmenaren aurkariek labur geratzea leporatu diote PSOEri. Euskal Herrian zehazki, Gipuzkoako TTIP Ez! taldeak eskutitz bana eman zuen asteartean Donostiako EAJ eta PSEren egoitzetan, alderdi horiek Kongresuan dituzten ordezkariei zuzenduta. PSOEri helarazitako eskutitzaren bertsioan, abstentzioan ez gelditzeko eta urrats bat gehiago egiteko eskatzen zuten. Ondoren elkarretaratzea egin zuten sozialisten egoitzaren ate aurrean.

Gipuzkoako TTIP Ez! taldeko kideak,
PSEren Donostiako egoitzaren aurrean. (Arg.: TTIP Ez!)

Besteak beste, gutunetan nabarmendu egiten zuten CETAk aukera emango ziela korporazio handiei herritarren eta ingurumenaren babeserako erakundeek jarritako neurrian aurka egiteko, ICS auzitegien bitartez. Merkatuaren liberalizazioa areagotzea, zenbait eskubide murriztea eta lanpostuak galtzea ere aipatzen dituzte hitzarmenaren ondorio gisa.

Ekainaren 30ean, ostirala, CETAren aurkako elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Arriaga antzokiaren aurrean, 19:00etan, TTIP-CETAren Kontrako Plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta.