argia.eus
INPRIMATU
CETAri buruzko Europako Legebiltzarreko bozketaren atarian, mobilizazioak Euskal Herrian
  • Larunbatean, hilak 21, Irun eta Hendaia lotuko dituen giza katea egingo da, CETA, TTIP eta TiSA merkataritza itunen aurkako eragileek deituta, otsailean Europako Legebiltzarrean egingo den bozketaren ingurumarian. Halaber, asteartean, hilak 17, alderdi politikoetako ordezkariak gaiari buruz ariko dira solasean, Donostian egingo den mahai-inguruan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko urtarrilaren 17a
TTIP eta CETA itunen aurkako manifestazioa Iruñean, iazko azaroan / EKINKLIK

Koldo Mitxelenan mahai-ingurua

CETA-TTIP-TiSA itunen inguruko mahai-ingurua Koldo Mitxelena kulturunean egingo da, arratsaldeko 19:00etan hasita. ARGIAko kazetari Unai Break gidatutako solasaldian parte hartuko dute: Iñaki Agirre (EAJ), Oskar Matute (EH Bildu), Guillermo Echenique (PSE), Jose Luis Arrue (PP), Nicolas de Miguel (Ciudadanos), Jose Ramon Becerra (Equo), Xabier Pombo (Ezker Anitza-IU) eta Patricia Getek (Podemos Euskadi-Ahal Dugu).

Ipar Euskal Herriko TAFTA Stop eta Hegoaldeko TTIP/CETA Ez mugimenduek antolatu dute astearteko mahai-ingurua.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Aipatu eragileek deituta egingo da, bestalde, larunbateko giza katea, 16:30ean Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago Zubian. Ez da izango, halere, egun horretarako Euskal Herrian deituta dagoen mobilizazio bakarra. Europako eta Kanadako beste hainbat hiritan bezala, elkarretaratzeak egingo dira Iruñean (12:00etan Carlos III. pasealekuan), Bilbon (12:00etan Arenalean) eta Gasteizen (eguerdian, lekua zehazteke).

"TTIP, CETA eta TiSA itunekiko gure gaitzespena agerian utzi nahi dugu", dio Aterkien elkarretaratzeak deitu dituzten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta TTIP/CETA Ez kolektiboen prentsa-oharrak. "Erabakitzeko ahalmena daukaten europar, kanadar nahiz nazio, probintzia eta eskualdeetako parlamentuei eskatzen diegu ordezkatzen dituzten herritarren eskubide eta interesen alde jokatzeko". Kolektibook eskatu dute CETAren mehatxuak kontutan hartzeko eta ituna berretsiko lukeen otsaileko bozketako balizko emaitzari (CETAren aldeko botoari) aurre egiteko. Zentzu horretan, lehenago Nafarroako Parlamentuak egin zuen bezala, "TTIP eta CETAren aurkako jarrera hartzeko" eskatu diote Eusko Legebiltzarrari. "Merkataritza interesek ezin dute demokraziaren eta pertsona eta planetaren interesen gainetik egon", dio oharrak.

Otsailean, bozketa Europako Legebiltzarrean

Europako Legebiltzarreko Ingurumen Batzordeak baiezkoa eman dio aste honetan CETAri, eta ziurrenik gauza bera egingo du Legebiltzarrak osoko bilkuran, otsail erdialdean, ituna berresteko bozketan. Aldeko botoak irabazten badu, akordioa –edo haren zati handi bat behintzat– behin-behinean indarrean sartuko litzateke. Guztiz onartuta egoteko, behin Legebiltzarreko mugarria gaindituta, estatu kide guztietako parlamentuek oniritzia eman beharko liokete CETAri.

Iazko azaroan CETAri buruzko mozioa aurkeztu zuten parlamentariak kexu ziren Eurolegebiltzarreko agintea duen organoak, Parlamentuko Presidenteen Batzarrak, mozioaz eztabaidatzeko aukera ukatu duelako. “Bozkatu egingo da, besterik gabe”, azaldu zigun Florent Marcellesi Equoko legebiltzarkideak, “eta CETAri buruzko bozketa ere horixe izango da, bozketa hutsa, aurrez eztabaidatu gabe”. “Parlamentuak atzera bota dezake CETA ezetz bozkatuz gero, baina ez du aukerarik haren edukiaz eztabaidatzeko”, Marcellesiren berbetan, “alegia, ez dago aukerarik testuari zuzenketak egiteko”. Edo guztiz alde, edo guztiz kontra. Eta nahiko ziurtzat jo daiteke aldeko jarrera gailenduko dela otsailean egingo den saio horretan.