Euskal Herriko parlamentuetan ordezkaritza duten alderdietatik, CETAren alde bozkatu dute ondorengo alderdiek bozkatu dute: EAJ, PP eta PSOE. Eta aurka: EH Bildu, Podemos eta Equo. Goizean 150 ekintzailek Europako Parlamentuko sarrera blokatu dute Estrasburgon. TTIP Game Over Facebookeko orrian azaldu dutenez, lortu nahi zuten eurodiputatuak autoetatik jaitsi eta CETAren alde bozkatzea herritarrak zapaltzea zela irudikatzea.
Ez da ustekabekorik izan eta Europako Legebiltzarrak Kanada eta EBren arteko CETA hitzarmenaren alde bozkatu du otsailaren 15ean. 408 diputatuk eman dute aldeko botoa, 254k aurkakoa, eta 33 abstentzio izan dira. Behin Eurolegebiltzarrak onartuta, Batasuneko estatu guztiek banan-banan onespena ematea behar da hitzarmena guztiz sartzeko indarrean. Hala ere, EBri bakarrik dagozkion eskumenekin zerikusia duten parteak –CETAren zati handi bat, beraz– aplikatzen has litezke jada.
Kanada eta Europaren arteko merkataritza eta inbertsioetarako hitzarmenak potentzia bien arteko harreman ekonomikoak erraztea du helburu. Haatik, ez dio salerosketen eremuari bakarrik eragingo; haren aurkariek behin eta berriz salatu dutenez, CETAren eskutik iritsiko dira multinazionalen mesederako arituko diren epaitegi bereziak (ICS siglekin ezagunak), hala nola erregulazio lankidetzarako organo deiturikoak; azken horien bitartez trabak jar dakizkieke langileen eskubideak, herritarren osasuna eta ingurumena babesteko tokian tokiko erakundeek onartutako araudiei.
Corporate Europe Observatory ikerketa taldearen txosten berriaren arabera, "CETAk osasun publikoari, kontsumoari eta ingurugiroari lotutako arau ugari kolokan jarriko ditu eta lobby presio taldeei mesede egingo die”.